Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ezkontza

iz. Ezkontzea, bi pertsona senar-emazte bihurtzen diren elizkizuna edo zeremonia.  v  Legearen arabera eta gizartearen onarpenez egiten den batzea, gizon-emakumeen artean (azken urteotan sexu berekoen arteko ezkontza ere legezkoa da herrialde gutxi batzuetan). Ezkonkideen eskubideak eta betebeharrak legez, ohituraz, sinesteez eta jarreraz zehazten dira. Ia mundu osoko kulturetan eta historiaren garai guztietan izan den gertaera da. Ezkontza beti kultura jakin batean egon da kokatua. Historian zehar era askotako ezkontzak izan diren arren, gaurko gizarteetan zabalduena ezkontideek beren borondatez aukeratutakoa da, iraunkorra izateko asmoz, gizarteak onartua eta legeak babestua.  v  Ezkontzaren ohiturak eta legeak. Ezkontzaren legeak duen betekizun nagusia haurrek gizartearekin izango dituzten harremanak mugatzea da, eta hauen eskubideak betearaztea. Era berean, ezkontzak gurasoen ondoren joatean lortzen diren zenbait eskubide eskaintzen dizkie ezkonkideei, gizarte bakoitzaren ohituren araberakoak. Intzestua edo hurbileko senide batekin sexu harremanak izateko edota ezkontzeko debekua ere, salbuespen batzuk izan arren, mundu osoan dago zabaldua. Endogamia eta exogamia bi ezkontza mota dira, lehena talde edo leinu berekoen arteko ezkontza denean; ezagutzen den zaharrena. Beste taldeekin harremanik ez denean ondorio jakina da endogamia. Talde berekoak ez direnak elkarrekin ezkontzen direnean exogamia esaten zaio. Talde batzuetan sendikoen arteko ezkontza debekatua dago erabat eta besteetan, berriz, zenbait kasutan onartua. Ingalaterrako legeak adibidez, debekatu egiten du dibortziatua bere koinatua edo koinata zenarekin ezkontzea.  v  Ezkontzaren errituak. Ezkontzetan erritu sinbolikoak izaten dira, gehienetan erlijio baten ingurukoak; erritu ezagunenak ernaltzearekin zerikusia dute, eta taldearen iraupenerako ezkontzak duen garrantzia azpimarratzen dute. Beste gauzen artean bikoteari zorte ona opatzeko izaten dira, eta opariak eskaintzen dizkiote elkarri ezkonkideen familiek. Emankortasuna ere nola edo hala ezkontza gehienetako errituen artean izaten da, eta hori opatzeko fruitu edo labore aleak botatzen zaizkie ezkonkideei gainera. Erriturik unibertsalena elkartzearena da, eta horren sinbolo arruntena ezkonkideak elkarri eskuak ematea eta eraztunak edo beste zerbait elkarren artean trukatzea.  v  Ezkontza legea. Zuz. Ezkontzaren balioa, hasiera edo iraupena zehazten duen lege edo lege multzoa. Ezkontza, definizioz, legeak zilegi bihurtzen duen gizon baten eta emakume baten arteko elkartzea da, eta legearen mende dagoen hitzarmen baten balioa du. Ezkontzen direnak zenbait eskubide eta betebehar dituzte. Gizarte askotan, elkarrekin bizi, etxeaz arduratu, haurrak zaindu, familia janariaz eta arropaz hornitu; eta eskubideen artean, ondasunen jabetza. Mendez mende eta herri batetik bestera era askotako ezkontza legeak izan dira. Eliza Katolikoarentzat bizitza osorako elkartze sakratua da ezkontza, kideetako baten heriotzak besterik hausten ez duena. Gaurko legeen arabera ezkontza hitzarmen zibila da, eta elkartze monogamoak onartzen dira. Ezkonkideek gutxieneko adina behar izaten dute, herrialde gehienetan 15 urtetik 21era izaten dena. Dibortzioa ere hedatua dago herrialde gehienetan, herri katolikoetan mugak ezartzen bazaizkio ere. Ekialde hurbileko herri musulmanetan, Asian eta Afrikako iparraldean lege musulmanak ezkontza “haurren sortzea legeztatzeko” hitzarmen gisa hartzen du kontuan. Historian zehar poligamia onartu du erlijio horrek, eta oraindik ere Afrikako herri askotan adibidez onartzen da, orokorrean monogamiarako joera nagusitzen ari bada ere. Japonian poligamia debekatua dago, 18 urte izan behar ditu gizonak eta 16 emakumeak ezkondu ahal izateko, eta sendi hurbilekoen arteko ezkontza debekatua dago. Txinan ere debekatua dago poligamia.