Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eudon Handia

Baskonia eta Akitaniako dukea, 710-735 urteetan. Rodrigo errege godoa Eudonen aurkako gerran zegoen, arabiarrak Hispanian sartu zirenean (711) eta urte hartatik aurrera bi etsai nagusi izan zituen Eudonek: arabiarrak hegoaldean eta frankoak iparraldean. Arabiarrak Iruñean sartu ziren 716. urtean eta hitzarmena izenpetu zuten euskaldunekin 718. urtean. Katalunian barrena igaro ziren arabiarrak Narbona aldera eta handik Tolosara, baina Eudonen osteek menderatu zituzten (721). Bestalde, Karlos Martel buruzagi frankoaren eta Eudonen arteko harremanak zailak izan ziren beti: bat egin zuten arabiarrei aurre egiteko, baina etengabe eraso zieten frankoek Akitania eta Baskoniako lurraldeei. 732. urtean, arabiarrak Euskal Herria zeharkatu eta frankoen eremuetara sartu ziren. Karlos Martelek Poitiersen menderatu zituen arabiarrak baina Akitaniako eta Euskal Herriko lurraldeak guztiz suntsiturik geratu ziren. Eudonek ez zuen sekula frankoen inolako nagusitasunik onartu eta 735. urtean Karlos Martelek Euskal Herrian sartu eta Eudon hil zuen. Hunaldo bere semea izan zuen ondorengo.