Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Espoz eta Ilundain, Frantzisko

(«Espoz eta Mina» deitua) Nafarroako militar liberala (Idozin, 1781 - Bartzelona, 1836). Frantsesek Espainia inbaditu zutenean (1809), bere iloba Javier Minak zuzentzen zuen gerrilla taldeari lotu zitzaion. Urtebete geroago, frantsesek preso hartu zuten iloba. Urte hartan bertan, Frantzisko Nafarroako talde gerrillari guztien buru izendatu zuten. 1810-1813 urteetan, frantsesei behin eta berriro eraso, eta garaipen handiak lortu zituen gerrilla guduen bidez (Tiebas, Untzue, Carrascal, Arlaban, Rocafort, Lizarra, Mañeru…). Berehala jabetu zen Nafarroaz, eta frantsesek hirietan babestu behar izan zuten. Wellington jeneralarekin harremanetan jarri zen eta hark Aragoira bidali zuen Zaragoza har zezan, betebeharra arrakasta osoz egin zuelarik. Gerra amaitu ondoren, Fernando VII.ak armada guztiak deuseztatu zituen, baina Espozek absolutismoaren aurka egin zuen Iruñean eta erbestera jo behar izan zuen. 1820. urtean, Nafarroara itzuli zen Riegoren matxinadan parte hartzera. Galiziako Kapitain Nagusi izendatu zuten 1821ean eta urte bete geroago Kataluniara jo zuen absolutisten aurkako gerra zuzentzera. Hasieran gudu asko garaitu bazituen ere, gerrilla guduari ekin behar izan zion berriro ere San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioa izan zenean (1823). Zauritu zutenean, Bartzelonara erretiratu, eta lau hilabetez zuzendu zituen bertako defentsa lanak. Urtearen amaieran, Espoze frantsesen mendera errenditu zen, eta Ingalaterrara jo zuen beste zenbait buruzagi liberalekin batera. Hego Euskal Herrian sartzeko alferrikako saio batzuk egin ondoren (1830. urtean Beratik igaro nahi izan zuen batean, taldeko gizon asko galdu zuen eta bera ere larri ibili zen). Hala ere, Nafarroako erregeorde titulua eman zioten, amnistia jaso ondoren (1834). Kataluniako Gobernu Batzordeak Kapitain Nagusi izendatu zuen 1835. urtean. Gaixo eta zahar zegoen arren, hainbat gudu garaitu zituen karlisten aurka. 1836. urteko Gabon gauaren bezperan hil zen.