Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

eslaviar

iz. eta izlag. K.o. II. mendetik aurrera, Europako erdialdean eta ekialdean zabaldu zen herri indoeuropar bateko kidea.  v  Herri eslaviarrak Bohemiatik eta Itsaso Adriatikotik Uraletako mendietaraino hedatu ziren. Sortaldeko eslaviarrak Asiako iparraldean zehar barreiatu ziren XVII. mendetik aurrera. Eslaviarrek ez dute nazionalitate bakar bat osatzen eta eslaviar izena hartzen dute egungo errusiarrek, bielorrusiarrek, ukrainarrek, poloniarrek, txekoek, eslovakiarrek, esloveniarrek, kroaziarrek, serbiarrek, bosniarrek eta bulgariarrek. Iparraldeko eslaviarrak (errusiarrak, bielorrusiarrak eta ukrainarrak, sortaldean; poloniarrak, txekoak eta eslovakiarrak, sartaldean) eta hegoaldeko eslaviarrak edo jugoslabiarrak (esloveniarrak, kroaziarrak, serbiarrak, bosniarrak eta bulgariarrak) bereizten dira, oro har. Kristau ortodoxoak dira herri eslaviar gehienak (errusiarrak, bielorrusiarrak, ukrainarrak, bulgariarrak, serbiarrak); Erromako elizari loturiko ortodoxoak dira beste batzuk (ukrainar eta kroaziar batzuk), musulmanak bakarren batzuk (bosniarrak) eta katolikoak gainerako guztiak (poloniarrak, txekoak, eslovakiarrak, esloveniarrak, kroaziarrak). 280 milioi eslaviar bizi dira gaur egun mundu osoan, Europako eta Asiako iparraldean gehienak.  v  Historia. Herri eslaviarrak Karpatoetako mendien iparraldean, Dnieper, Pripiat eta Dniester ibaien arteko ordokietako oihanetan, bizi ziren K.o. I-II. mendeetan. Lehen migrazioak II. mendean hasi ziren, baina VI. mendetik aurrerakoak izan ziren garrantzitsuenak. VI. mendean antolatu zen Bulgariako eslaviarren federazioa Balkanetako lurraldetan. Peloponeso aldera jo zuten eslaviarrek eta VII-X. mende artean gerra handiak izan ziren Mesia, Trazia eta Mezedoniako lurraldeez jabetu ziren bulgariarren eta Bizantzioko inperioaren artean. Esloveniarrak, serbiarrak eta kroaziarrak VI. mendearen bukaeran sartu ziren Balkanetan, erromatarren Iliria lurraldea okupatu ondoren, eta Erdi Aroan Kroazia, Bosnia, Herzegovina, Serbia eta Montenegroko estatuak osatu zituzten. Germaniarrek aspaldidanik ezagutzen zituzten sortaldeko mugetan bizi ziren vendo (hala deitzen zieten haiek) edo eslaviarrak. IV-VIII. mendeetan, beste herri eslaviar batzuk finkatu ziren sortaldeko Germanian: Danubio ibaiaren iparraldean finkatu ziren eslovakiarrak eta txekoak; sortalderago, Saale eta Elba ibaien arroetatik Baltiko aldera, zabaldu ziren sorabiarrak, abodritak eta pomeraniarrak; Vistula ibaiaren arroan, aldiz, polaniarrak. Sartaldeko eslaviarrek ez zuten batasunik izan (Samo buruzagiak bildu zituen VII. mendean eta Moravia Handiko printzeek nolabaiteko batasuna lortu zuten IX. mendean). Txekoek eta polaniarrek Bohemia eta Poloniako estatuak sortu zituzten X. mendean. Germaniarrek, ordea, X. mendean deuseztatu zituzten ipar-mendebaleko herri eslaviarrak (gutxiengo sorabiarra, Lusazian, eta kaxubiarra, Pomeranian, baizik ez dira geratzen egun) eta mehatxupean ezarri zituzten txekoen, poloniarren eta esloveniarren lurraldeak. Sortalderago, Dazian finkatu ziren eslaviarrak latinizatu zituzten eta Errumaniako estatuko osatzaile bihurtu ziren XIII. mendetik aurrera. Godoen (III-IV. m.) eta hunoen (V. m.) mendean egon ondoren, ipar-ekialdera hedatu ziren sortaldeko eslaviarrak. Barego eskandinaviarrekin elkartu ondoren, Novgorod eta Kieveko estatuak sortu zituzten eta XIII. mendetik aurrera, Errusiako nazioa, ipar-ekialdean eta ekialdean; Bielorrusiako nazioa, ipar-mendebalean, eta Ukrainako nazioa, hego-mendebalean, bereizi ziren, sortaldeko eslaviarren lurraldeetan. VIII-XII. mendeetan kristautu ziren herri eslaviarrak: poloniarrak, txekoak, eslovakiarrak, esloveniarrak eta kroaziarrak Erromako elizaren mende geratu ziren. Zirilo eta Metodio santu bizantziarrek kristautu zituzten errusiarrak, bulgariarrak eta serbiarrak, eta hizkuntza liturgikoa, eslaviera zaharra, eta idazkera, alfabeto zirilikoa, eman zieten. Erdi Aroaren bukaeran, otomanoak jabetu ziren hegoaldeko estatu eslaviarrez. Polonia germaniarrek eta errusiarrek gutiziaturiko lurraldea izan zen beti eta Bohemia, Eslovenia eta Kroazia Austriako eta Hungariako errege-erreginen mendean geratu ziren XVI. mendearen hasieran. XIX. mendean abertzaletasuna bizkortu zen herri eslaviar guztietan: Bulgariak independentzia eskuratu zuen 1885. urtean, Poloniak 1918an, eta urte berean sortu ziren Txekoslovakia eta Jugoslavia estatu nazio anitzak. 1990. urtean hasi zen Jugoslaviako nazioen banaketa (Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Serbia-Montenegro eta Mazedonia independenteak dira) eta 1992an banatu dira txekoen errepublika (Bohemia eta Moravia) eta Eslovakia.  v  Eslaviar hizkuntzak. Europa erdialdeko eta sortaldeko hizkuntza indoeuroparrak. Hiztun kopuruari dagokionez, Europako hizkuntza familia nagusia osatzen dute. Hiru talde nagusi bereizten dira: Hegoaldeko eslaviera, sartaldeko eslaviera eta sortaldeko eslaviera.  v  Hegoaldeko eslaviera. Hizkuntza nagusiak: esloveniera, Eslovenian eta Kroazia, Austria eta Italiako mugetan hitz egiten da; serbo-kroaziera, Serbian, Kroazian, Montenegron, Bosnian eta Herzegovinan hitz egiten da; bulgariera, Bulgarian eta Errumania, Besarabia eta Greziako mugetan hitz egiten da; mazedoniera, bulgarieratik hurbileko hizkuntza da eta Mazedonian (Mazedoniako errepublikan eta Greziaren mendeko Mazedonian) hitz egiten da.  v  Sartaldeko eslaviera. Hizkuntza nagusiak: txekoa eta eslovakiera, oso antzekoak dira biak, Bohemia-Moravian eta Eslovakian hitz egiten dira; poloniera, Polonian hitz egiten da; kaxubiera, Baltiko aldean, Gdansk hiriaren sartaldean, hitz egiten da; sorabiera, Lusazian, Spree ibaiaren goi arroan, hitz egiten da.  v  Sortaldeko eslaviera. Hizkuntza nagusiak: errusiera, Errusiako hizkuntza, Sobiet Batasunak hartu zituen herri eta lurralde guztietara zabaldu da; bielorrusiera, Bielorrusian eta Errusiako errepublikako muga lurraldeetan hitz egiten da; ukrainera, Ukrainan hitz egiten da.  v  Eslaviera zaharra. Eslaviera hizkuntza indoeuropar bat da. Lehen eslaviera edo protoeslaviera egungo hizkuntza baltikoen aurreko hizkuntzaren familiakoa zen. Eslaviera zaharra herri eslaviar guztien hizkuntza zen K.o. lehen mendeetan ere. Zirilok eta Metodiok egin zituzten Bibliako itzulpenei esker ezagutzen da (Mazedoniako hizkuntza hartu zuten oinarritzat) eta hura bera izan zen liturgia kristau ortodoxoan erabili zen hizkuntza, eslavoi izenaz ere deitua. Erdi Aroan, egun baino sartalderago zabaltzen ziren hizkuntza eslaviarrak, baina alemanieraren erabilerak betikoz ezabatu zituen Elba ibaiaren behe arroko polabiera eta Pomeraniako slovincea. Tradizio ortodoxoa gorde duten herriek (errusiarrek, ukrainarrek, bielorrusiarrek, bulgariarrek eta serbiarrek) alfabeto zirilikoz idazten dute, alfabeto latinoz gainerakoek. Kroaziako eliza katoliko batzuek gorde dute hasierako idazkera glagolitikoa.