Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

eskeleto

iz. Hezurdura, gizakiaren edo animalia ornodunen hezurrezko euskarria.  v  Biol. Animalien eskeletoek sei egitura mota dituzte, eta animalia berak egitura mota bat baino gehiago izan dezake.  v  Eskeleto gogorra. Koral multzoek, txirlen oskolek, itsasoko izarrek, artropodoek eta ornodunen hezurrek dute egitura hori.  v  Eskeleto erdi gogorra. Artropodoen giltzaduretako eta hezurdunen kartilagoetako egitura.  v  Ehun konjuntiboa. Zuntzezkoa da, eta kolagenoa du gai nagusiena. Giharrei eusteko izaten da, artropodoen kasuan adibidez, eta barrua hutsa duten animalietan barruko organoei bere lekuan eusteko.  v  Eskeleto hidrostatikoa. Egitura nagusia izan daiteke, zizareen eskeletoa adibidez, edo gorputzaren beste atalen bat. Isurkariz betetako hodiek presioa egiten dute kanpoko geruzen kontra, eta presio horrek eragiten du animaliaren giharren mugimendua.  v  Eskeleto elastikoa. Giharrak mugitu ondoren animaliari lehengo formara itzularazten diona. Marmokak adibidez egitura hori erabiltzen du mugitzeko. Hezurdunen giharrei eskeleto elastikoek teinkatzeko aukera ematen diete.  v  Uretan ibiltzeko eskeletoa. Arrainek uretan ibiltzeko erabiltzen duten egitura (hegalak). Lehorreko ornodunen belarriak organo horien aztarna dira.  v  Ornodunen eskeletoaren edo hezurreriaren zeregina gorputzari eustea, gorputza mugitzea eta babestea da. Bi eskeleto mota bereizten dira ornodunen eskeletoaren barruan: eskeleto apendikularra (gorputz adarrak) eta axiala (buruezurra eta bizkarrezurra).  v  Eskeleto apendikularra. Ornodunen gorputz adarretako hezurreria. Animalia moten bilakaeran arrainen hegalen garapenez sortuak dira. Hiru zati ditu: hurbilekoa (gorputzetik gertuena dagoena, eta hezur luze batez osatua); erdikoa (hezur luze batez eta motz batez osatua), eta urrunekoa (hezur txikiz osatua).