Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erregetzarako Gerra, Austriako

1740-1748 urteetan, Europako estatu guztietara hedatu zen gerra. Karlos VI.a Austriako enperadorea hil zenean, Europako estatu ahaltsu batzuek ez zuten inperioa haren alaba Maria Teresaren eskuetan geratzea onartu eta berehala hasi ziren tirabirak. Frederiko II.a Prusiako erregeak eman zuen lehen urratsa eta Silesia hartu zuen (1740). Frantzia, Espainia, Bavaria eta Saxonia Prusiaren alde jarri ziren eta Karlos Alberto Bavariakoa izendatu zuten Austriako enperadore, Karlos VII.a deituraz. Ingalaterra eta Herbehereak Austriaren alde agertu ziren. Frantsesek eta bavariarrek Goi Austria eta Bohemia hartu zituzten. Prusiak, bere aldetik, bakea izenpetu zuen Austriarekin, ordainean Silesia hartuz (Breslau, 1742; Dresde, 1745). Bavariak atzera egin zuen 1743an eta Frantzia bakarrik geratu zen Ingalaterraren aurrean. Frantzia Herbehereez jabetu zen (1747-1748), baina Aachengo hitzarmenak (1748) gauzak lehen bezala utzi zituen eta Maria Teresaren erregetza onartu behar izan zuen Frantziak.