Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erditze

Erdi aditzaren aditz izena. || iz. Erditze gaiztoz (txarrez) hil.  v  Med. Erditzea umekia eta umekiondoak amaren sabeletik egoztea edo erauztea da. Azken hileko aldia izan eta handik 280 egunetara erditu ohi da emakumea. Erditzea behar baino lehenagokoa dela esaten da azken hileko aldia izan eta 180 eta 260 egun bitarteko epean izaten denean, eta berantiarra haurdunaldiaren batez beste kotzat hartutakoa baino hamalau egun geroago izaten denean. Erditze denboraren luze-laburra eragile askoren araberakoa izaten da; hala ere, batez beste, 9 ordukoa izan ohi da behin baino gehiagotan erditu diren emakumeengan eta 14 bat ordukoa lehenbizikoz erditzen direnengan. Erditze denbora, haurrari dagokionez, bost alditan banatzen da: erredukzioa, ahokatzea (umekia pelbis zuloan kokatzen denean), behera aldia eta barne biraketa, askatzea (umekiaren burua pelbiseko behe-estugunetik eta ematutuaren ertzetan zehar igarotzen denean), eta kanpo biraketa. Erditze denboraren aldi horiek beti berdinak izaten dira, umekiaren kokaera gorabehera. Emakumeari dagokiola hiru alditan banatzen da erditze denbora: erditze aurrekoa (presioa maskurian eta heste ondoan, oinazea pelbis txikian, umekiaren mugimenduen gutxitzea eta erditze aurretiko oinazeak ezaugarri dituena), zabalkuntza (erditze uzkurdura egiazkoak, ematutu zuloaren handitzea eta ur zorroa haustea dituena), eta egozketa (umetokiaren uzkurdurak eta amak sabelarekin indar eginez karena, umea eta umekiondoak kanporatzen dituena). Garrantzi handia izaten du umekia nola dagoen kokatuta ezagutzeak, zein den aurren aterako den gorputz atala alegia, zenbaitetan arazoak sor baitaitezke. Ohikoena buruz beherakoa izaten da (% 96tan). Behin umekia kanpoan dela eta zilbor-hestea odolez hustua, korapiloa egin eta ebakitzen zaio. Zerbait dela eta ezin izan bada erditzea ohikoa den eran egin, sendagileak sabelean ebakia egin eta umekia ateratzen du. Ebakuntza honi zesarea esaten zaio. Gaur egun, emakumeak ariketa fisiko eta prestakuntza psikologiko bereziak egiten ditu haurdunaldian zenbait erditze teknika ikastearren (oinazerik gabeko erditzea).