elektrizitate
iz. Energiaren eretako bat, materiaren oinarrizko partikulak, protoia eta elektroia, desorekan daudenean agertzen dena; karga elektrikoak eragindako gertaeren multzoa. ◊ Elektrizitatea aztertzen duen fisikaren alorra. v Fis. Karga elektriko estatikoekin eta mugikorrekin lotuta dagoen gertaera da elektrizitatea. Karga elektrikoa materiaren oinarrizko ezaugarria da, eta bere oinarrizko partikuletan sortzen da. Elektrizitatea duen partikula da elektroia, eta negatiboa dela esaten da. Elektroien pilaketek eta mugimenduek sorrarazten dute elektrizitatea.
v Grekoen garaian karga estatikoak aztertu zituzten; adibidez, ikusi zuten anbarra igurtziz gero, gorputz arinak erakartzen zituela, eta hortik sortu zen elektriko hitza, elektron hitzak grekoz “anbar” esan nahi baitu. XVI. mendearen bukaera arte ez ziren, hala ere, benetako azterketak hasi. Mende horretakoak dira W. Gilbertek elektrizitateaz eta magnetismoaz egin zituen ikerketak. B. Franklinek 1752an argiaren izaera elektrikoa frogatu zuen, eta karga positiboak eta negatiboak bereizi eta izendatu zituen. XVIII. mendean ekai elektrikoak bi sailetan banatu zituzten: bakartzaileak, azala igurzten zaienean elektrizitate karga positibo eta negatibo estatikoa har dezaketenak, eta eroaleak, gehienetan metalak, elektrizitatea hartu ez arren, alde batetik bestera eraman dezaketenak. XIX. mendearen hasieran Voltak pila elektrikoa asmatu zuen, eta korronte elektrikoaren iturburu garrantzitsu bilakatu zen berehala. 1831n M. Faraday-k dinamoa, motor elektrikoa eta transformadorea asmatu zituen. Thomas A. Edisonek 1879an hari gorizko lanpara asmatu zuen, eta berehala hedatu zen elektrizitatea lantegietara eta etxeetara. Thomsonek elektroia aurkitu zuen 1890ean, eta handik urte batzuetara diodoa eta triodoa asmatu ziren. Asmakizun horiek izan ziren elektronikaren oinarriak. v Elektrizitatea bere ondorioen arabera neurtzen da. Neurkera horietako magnitude ezagunenak hauek dira: korronte batean mugitzen den karga (coulomb), korrontearen intentsitatea (anpere), potentziala (volt), eroaleak korronteari jartzen dion erresistentzia (ohm), karga estatikoa metatzeko ahalmena (farade), elektrizitate indarra, kopuruak eta potentzialak eragina (joule), joule batek segundoko egiten duen lana (watt).