Ekuatore Ginea
(Izen ofiziala, Ekuatore Gineako Errepublika; gaztelaniaz, República de Guinea Ecuatorial). Afrikako mendebaldeko estatua, ekuatore lerroan, Gineako golkoan. Herrialdea bi aldetan banatuta dago: uharte aldea (Bioko, Pigalu uharteak [Corisco, Elobey Grande eta Elobey Chico] eta Annobon, 2.034 km2) eta kontinente aldea (Rio Muni ere deitua, 26.017 km2). Kontinente aldean, hauek ditu mugak: iparraldean, Kamerun; ekialdean eta hegoaldean, Gabon; mendebaldean, Gineako golkoa. Beraz, guztira 28.051 km2 ditu eta 1.014.999 biztanle (ginearrak edo ekuatoreginearrak). Hiriburua: Malabo (100.000 biztanle inguru, malaboarrak). Hizkuntza ofiziala: gaztelania. Dirua: CFA frankoa. Erlijioa: katolizismoa eta bertako erlijioak. ■ Lurraldea. Kontinente aldea, muinoak muino, zelai samarra da eta baso trinkoez estalia. Mbini ibaiaren arroak lurraldearen % 60 hartzen du. Ekuatore Gineako uharte nagusia Bioko da, kontinente aldearen iparraldean, Kamerungo kostatik hurbil. Sumendi jatorriko uhartea da, menditsua (Santa Isabel, 3.008 m) eta oihantsua, eta oso lur emankorrak ditu. Uhartearen kostaldea, berriz, labartsua eta harkaiztsua da. Bai kontinente aldeko bai uharteko klima tropikala da eta hezea, aldi labur lehorxeagoak izaten dituena. Kontinente aldean urteko 2.400-4.600 mm euri egiten du; barnealdean gutxiago, batez ere ekainetik abuztura bitartean. Bioko uharteko klima oso euritsua da baina zertxobait lehorragoa azaroa-martxoa bitartean. Ekuatore Ginea munduko lurralde heze eta euritsuenetako bat da. Urteko batez besteko tenperatura 26° C-koa da. Landarediari dagokionez, zuhaitz tropikalez osatutako baso sarriak estaltzen du kontinente aldea: okumea (Aucoumea klaineana), afrikar intxaurrondoa, kaoba zuhaitzak, etab. Animalien artean aipagarriak dira gorila, txinpantzea, tximinoa, leopardoa, elefantea, eta krokodriloa; gehiegizko ehiza dela eta asko urritu da animalia mota horien kopurua. Bioko uhartean mangle zuhaitza da nagusi kostaldean eta ez da neurriz gaineko ehizarik egin izan. Pigalu uhartea hondakin industrial eta erradioaktiboen zabortegi gisa erabiltzen da eta ingurumenaren kutsadurarekin zerikusia duten eritasunen sorlekua da. ■ Biztanleak. Biztanle gehienak bantuak dira: bubiak, Biokon, bengak, Elobey eta Coriscon eta fangak, kontinentean. Gainerakoak europarren ondorengoak eta mulatoak dira. Annobon uharteko biztanleak portugaldar esklaboen ondorengoak dira eta portugesaren dialekto bat hitz egiten dute oraindik. Jende gehiena herrietan bizi da baina azkeneko urteotan hiriak hazten ari dira, bai Malabo (Bioko uhartean) bai Bata (kontinentean, 24.300 biztanle). Hizkuntza ofiziala eta nagusia gaztelania da, baina etnia bakoitzak berea du. Kontinente aldean fanga erabiltzen da eta uharteetan bubia, iboa eta ingelesa. Erlijio nagusia kristautasuna da uharteetan eta afrikar erlijio tradizionalak kontinentean. ■ Bizi itxaropena 49 urtekoa da eta alfabetizazo maila % 79. Hogeita bat mediku daude 100.000 biztanlerentzat. ■ Ekonomia. Ekuatore Gineako ekonomiaren oinarri nagusiak kakaoa eta kafea izan dira. Kakaoa, kalitate handikoa, Biokon lantzen da gehienbat, eta kafea, berriz, kontinentean. Nolanahi ere, azkeneko urteotan, basogintza bultzatu den neurrian, kakaoa eta kafearen garrantzia gutxituz joan da. Zuhaitz mota inportanteenak ebanoa eta palisandora dira. Bertan kontsumitzeko lantzen diren gaien artean, berriz, juka eta kakahuetea dira aipagarrienak. Bertako dieta tradizionala arroza, bananak, batatak eta artatxikia da. Ez abeltzaintzak ez arrantzak ez dute pisu handirik ekonomian. Nazioaren ekonomia, beraz, produktu horien esportazioan oinarritzen da, industria hutsa baita. Ekuatore Ginea Espainiaren mendean egon zenean, kolonoek kontinente aldeko lursailak landu zituzten, baina ez zuten industriarik sortu. Gaur egun dagoen apurra Biokon dago: olio, xaboi, kakao, juka, kafe eta marisko lantegiak. Merkataritza harreman gehienak Frantziarekin ditu. Errepide gutxi daude eta burdinbiderik ez. Kanporako harreman gehienak Batako eta Malaboko portuen bidez egiten dira. 1985ean Ekuatore Gineak afrikar finantza elkartearen CFA frankoa hartu zuen dirutzat. Azken hamar urteotan izugarri handitu da petrolioaren ekoizpena, eta Saharaz. Hala ere, aberastasun iturri horrek ez du balio izan herritarren baldintzak hobetzeko. Ekuatoreko Ginea hirugarren petrolio ekoizlea da Saharaz hegoaldeko herrialdeen artean, Angola eta Nigeriaren ondoren. ■ Historia. Pigmeoak izan bide ziren kontinente aldeko lurraldeetan bizilekua hartu zuten lehendabizikoak. Orain nagusi diren fang eta bubi leinukoak bantua hitz egiten zuten etorkin oldeekin batera heldu ziren XVII. eta XIX. mendeetan, hurrenez hurren. XVIII. mendean portugaldarrek espainiarrei utzi zizkieten lurraldeetako bat da gaur egungo Ekuatore Ginea; garai hartan esklabo salerosle eta europar merkatari ugari inguratu ziren bertara. Britainiarrek 1827-1858 bitarteko urteetan gobernatu zuten, harik eta espainiarrak aginpideaz jabetu ziren arte (kontinente aldea 1926an hartu zuten). Garai hartan kolonietara heldu ziren etorkin oldeen lanari esker kakao eta zur ekoizpen handiak lortu ziren. 1968. urtean iritsi zuten independentzia; alabaina, F. Macias Nguema diktadorearen aginpidean izualdia hedatu zen lurraldean, eta ekonomiak hondoa jo zuen. 1979ko abuztuan estatu kolpe baten bidez Francisco Macías Nguema kargutik kendu zuten, traizioz akusatu eta hiltzera kondenatu. Haren ilboa Teodoro Obiang koronelak gidatu zuen kolpea eta berak hartu zuen lehendakari kargua. Haren agintaldian jazarpen, atxiloketa eta ustelkeria aldi berri bat hasi zen. 1982an legegintzarako hauteskundeak deitu ziren lehenengo aldiz, baina hautesle zerrenda bakarra zegoen, alderdi ofizialistako kideez osatua. Handik lau urtera gobernuak estatu kolpe baten ahalegina zapuztu zuen. Teodoro Obiangek Erdiko Afrikako Ekonomia Batasunean sartu zuen herrialdea; erabaki hori mendebaldeko munduarekin harremanak estutu nahi zituen seinaletzat hartu zen eta harrezkero asko murriztu zen sobietarrengandik eta ekialdeko alemaniarrengandik jasotzen zuen laguntza. Estatu Batuek, Frantziak eta Espainiak kontrolatzen zituzten ekonomiaren baliabide nagusiak. Bien bitartean, Marokok soldaduak bidali zituen gobernu berriaren egonkortasuna ziurtatzeko. 1988ko ekainean berriro egin ziren hautagai zerrenda bakarreko hauteskundeak eta Teodoro Obiang hautatu zuten lehendakari. Urte hartan bertan lehendakaria Frantzian izan zen eta bi herrialdeen arteko harremanak estuagoak izan dira harrezkero. Gero Ekuatore Gineak herrialde frankofonoen artean sartzeko eskaria egin zuen, eta aldi berean Espainiak zorraren heren bat barka zekiola lortu zuen. Errepresioa, hala ere, ez zen amaitu, eta 1988ko irailean bi militar hiltzera kondenatu zituzten gobernuaren aurka konspiratzeagatik. Garaitsu hartan, oposizioaren buruzagietako bat, José Luis Jones, atxilo hartu zuten erbestetik itzultzean. 1991ko hasieran Oposizioko Alderdien Koordinadora Demokratikoa sortu zen Gabonen, eta maiatzean oposizioko buruzagi nagusietako bat hil zuten, Feliciano Moto. 1992ko hasieran gobernuak amnistia orokorra eman zuen. Alderdi politikoen legeak ez zituen onartzen oinarri tribala, erregionala edo probintziala zuten alderdiak eta 158.000 dolar ordainarazten zituen legezkotasunaren truke. Lege horren arabera, gainera, lehendakaritzarako hautagaiak herrialdean hamar urtez bizi izana frogatu behar zuen, eta horrek jokoz kanpo uzten zituen erbesteratutako guztiak. Eragozpenak eragozpen, hamar alderdi politiko legeztatu ziren 1993ko hasieran. Bien bitartean NBEk txosten bat zabaldu zuen oposizioko kideen oinarrizko eskubideak bortxatzen zirela salatuz. Estatu Batuetako Kanpo Harremanetarako Sailak legez kanpoko kartzelaldiak eta torturak salatu ondoren, Estatu Batuetako enbaxadore John Bennetten aurkako atentatua izan zen, eta NBEk Obiang bera akusatu zuen atentatuan zerikusia izateaz. Martxoaren bukaeran preso politiko guztiak aske geratu ziren, gobernuaren eta oposizioko alderdien koalizio baten artean egin zen Hitzarmen Nazional Demokratikoan jasotakoa betez. 1993. urtearen bukaeran legegintzarako hauteskundeak egin ziren baina nazioarteko begiraleek zalantzan jarri zituzten. Hauteskunde emaitza ofizialen arabera Alderdi Demokratikoak 80 aulkitatik 68 lortu zituen. 1994an gobernuak Espainiako kontsula kanporatu zuen eta Espainiak erdira murriztu zuen Ekuatore Gineari ematen zion laguntza. 1995eko martxoan bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten oposizioko eta Alderdi Progresistako buru Severo Motori polizia ofizial bat erosi izanaz eta Obiangen izen ona zikindu izanaz akusatuta. Apirilean traizioz eta konspirazioz akusatu zuten eta 28 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Uztailean atxilo hartu zituzten Biokoren Autodeterminaziorako Mugimenduko kide batzuk. Bidegabekeria eta tortura akusazioen artean gobernuak lehendakaritzarako hauteskundeak deitu zituen 1996ko hasierarako. Otsailean, hauteskundeak baino pixka bat lehenago, gobernuak legez kanpo utzi zuen oposizio koalizioa, eta kideetako batzuk atxilotu zituen. Otsailaren 25eko hauteskundeetan Obiangek botoen % 99 eskuratu zituen. Amnistia Internazionalek askotan salatu du Ekuatore Gineako gobernua legez kanpo atxilotzeaz, torturatzeaz eta hiltzeaz. 1998ko urtarrilean segurtasun indarrek Bioko uharteko bubi etniako ehunka pertsona atxilo zituzten, militarren instalazioei eraso egiteaz eta Biokoren Autodeterminaziorako Mugimenduko kideak izateaz akusatuta. Amnistia Internazionalaren arabera beren jatorriagatik atxilotu zituzten. 2002ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Obiangek berretsi egin zuen bere agintaldia 2009. urtea arte, nahiz eta oposizioak iruzurra salatu zuen. 2003an Severo Motok Ekuatore Gineako gobernua osatu zuen erbestean, Obiangen kontrako oposizioaren babesarekin, eta Espainian hartu zuen bizilekua.
http://www.guineequatoriale-info.net/us/menu_us.htm