Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ekologia

iz. Izaki bizidunen eta beren ingurunearen arteko harremanen azterketaz diharduen biologiaren alorra.     
■ Organismoen eta ingurune fisiko eta biologikoaren artean dagoen harremanaren azterketa. Ingurune fisikoak argia eta beroa edo eguzki irradak, hezetasuna, haizea, oxigenoa, karbono dioxidoa eta lurraren elikagaiak, ura eta eguratsa hartzen ditu. Ingurune biologikoak, berriz, organismo bizidunak, batez ere landare eta animaliak, hartzen ditu. Organismoak beren ingurune naturalean aztertzeko ikuspegi desberdinak izanik, ekologia beste zenbait diziplinez baliatzen da: klimatologiaz, hidrologiaz, fisika eta kimikaz, geologiaz eta lurraren analisiaz. Organismoen arteko harremanak aztertzeko, zientzia mota desberdinak baliatzen ditu ekologiak: animalien portaera, taxonomia, fisiologia eta matematikak. Herri iritzia ingurumen arazoez kezkatzen hasi denez geroztik, ekologia hitza gaizki erabiltzen da sarritan; ingurumen programa eta ingurune zientziarekin nahasten da. Diziplina zientifiko desberdina bada ere, ekologiak garrantzi handia du ingurune arazoen azterketan. Ekologia hitza Ernst Heinrich Haeckel aleman biologoak erabili zuen lehen aldiz 1869an; grekozko oikos (etxea) hitzetik dator, eta ekonomia hitzaren sustrai bera du. Alegia, ekologiak izadiaren ekonomiaren azterketa esan nahi du. Neurri batean, ekologia modernoa Charles Darwinekin hasi zen. Eboluzioaren teoria adieraztean, Darwinek gauza bat nabarmendu zuen batez ere, nola organismoak hautaketa naturalaren bidez egokitu ziren ingurunera. Era berean, garrantzi handiko ekarpenak egin zituen, besteak beste, Alexander von Humboldt landare geografoak, landareak munduan nola banatzen diren aztertuz. ■ Landare sail zabalei landare talde esaten diete ekologo europarrek, eta bioma, berriz, Ipar Ameriketakoek. Bi hitzen arteko alde nagusia da biomek landareoi elkartutako animalia bizitza hartzen dutela beren baitan. Bioma handiek, baina, landare bizitzaren forma nagusien izena hartzen dute. Latitudearen, goratasunaren, eta horiei lotutako hezetasun eta tenperatura erregimenen eraginpean, lurreko biomak aldatuz doaz tropikoetatik artikora: basoak (baso mota desberdinak), larreak, mendiak, basamortuak. Bioma horietan haiei lotutako ur gezatako komunitateak ere sartzen dira: aintzirak, urmaelak eta hezeguneak. Itsas inguruneek (ekologo batzuek biomatzat dauzkate) ozeanoa, kostaldeko eskualdeak (sakonera gutxiko urak), eskualde bentonikoak (ozeano hondoak), kostalde harritsuak, hondartzak, eta itsas bokaleak hartzen dituzte beren baitan. ■ Ekosistema. Sir Arthur George Tansley landare ekologoak 1935ean indarrean jarritako esapidea, habitat bakoitzaren osotasun kontzeptua nabarmentzen duena. Sistema bat elkarren mendean dauden zatien multzoa da; batasun bat balitz bezala funtzionatzen du eta sarrera-irteerak ditu. Ekosistema batek parte nagusi hauek ditu: ekoizleak (landare berdeak), kontsumitzaileak (belar eta haragi jaleak), organismo deskonposatzaileak (onddoak eta bakterioak), eta osagai abiotikoak (materia organiko hila eta lurreko eta uretako elikagaiak). Ekosistemaren sarrera nagusiak eguzki energia, ura, oxigenoa, karbono dioxidoa eta nitrogenoa dira. Irteerak, berriz, arnasketak sortutako beroa, ura, oxigenoa, karbono dioxidoa eta elikagaiak. Indar bultzatzaile nagusia eguzki energia da. ■ Energia eta elikagaiak. Ekosistemek eguzki energiaren eta elikagaien bidez funtzionatzen dute. Landareek argiaren energia fotosintesi bidez energia kimikoa (karbono hidratoak eta beste osagai batzuk) bihurtu eta baliatzen dute. Energia hori ekosistema osora zabaltzen da jatean edo jana izatean oinarritzen den urrats sail batean zehar (sare trofikoa). Energia eskualdatzean, urrats bakoitzak zenbait maila trofiko (elikadura maila) ditu: landareak, belarjaleak, haragijaleak, eta organismo deskonposatzaileak. Landareetan finkatutako energiaren zati batek baizik ez du bide hori egiten, produkzioaren janari sarea deitua. Sarean erabiltzen ez den landare eta animalia materiak (eroritako hostoak, adarrak, sustraiak, enborrak eta animalia hilen gorputzak) usteltze prozesuaren elikadura sarea hornitzen du. Materia hilez elikatzen diren bakterioak, onddoak eta animaliak produkzioaren elikadura sareari lotutako maila trofiko gorenetarako energia iturri bihurtzen dira. Horrela, izadiak erabat baliatzen du landareetan hasieran finkatutako energia. Elikadura sare bietan maila trofikoen kopurua mugatua da, eskualdatze bakoitzean energia asko galtzen baita (beroa arnasketan). Beraz, maila trofiko bakoitzak hari eusten dionak baino energia gutxiago dauka. Hori dela eta, basahuntzak (belarjaleak), adibidez, otsoak (haragijaleak) baino ugariagoak dira. Energia jarioak ziklo biogeokimikoa (elikagaien zikloa) hornitzen du. Elikagaien zikloa materia organikoa landareek baliatzeko moduren batean askatzean hasten da. Landareek lurreko eta uretako elikagaiak beretzen dituzte eta beren ehunetan metatzen. Elikagaiak sare trofikoan zehar igarotzen dira maila trofiko batetik bestera. Landare eta animalia asko beste inork jan gabe geratzen direnez, azkenean, beren ehunetako elikagaiak, usteltze prozesuaren elikadura sarean ibili ondoren, bakterio eta onddoen ekintzen bidez askatzen dira; prozesu horretan gai konposatu organiko konplexuak gai konposatu inorganiko bakunak bihurtzen dira, eta landareak beretzeko moduan geratzen dira. ■ Desorekak. Elikagaiak ekosistemen barruan zirkulatzen dute. Hala ere, galerak eta irteerak izaten dira, eta horiek sarreraren bidez orekatu behar dira, ekosistemak funtzionatzeari utziko ez badio. Haitzen higaduraren ondorioz, aireak dakarren hautsez, eta prezipitazioen bidez sartzen dira elikagaiak sisteman. Lurreko ekosistemek elikagaiak galtzen dituzte urak eramanak eta urretako ekosistemetan eta horiei dagozkien lur beheretan utziak. Higadurak, zuhaitz mozketak eta uztak elikagai kopuru handia erauzten dute lurretik. Horien ordez beste batzuk sartzen ez badira, ekosistema pobretu egiten da. Horregatik simaurtzen dira lursailak. Elikagai sarrera irteera baino askoz handiagoa denean, ekosistemaren elikagai zikloak gainezka egiten du, eta kutsadura gertatzen da. Lursailetan higaduraz eta lixibazioz galtzen diren elikagaiak, hirietako ur zikinekin eta industria hondakinekin batera, ibaietara, aintziretara edo estuarioetara iristen dira. Gai kutsagarri horiek jasan ezin dituzten landareak eta animaliak hil egiten dira. Industrialde handietan, sufre dioxidoez eta nitrogeno oxidoez betetako hodeietan, gai horiek azido sulfuriko eta nitriko bihurtzen dira, uretan nahasturik, eta euri azido gisa erortzen dira lurrera, lur eta ur ekosistema zabaletan. Euri horrek azido-base proportzioak aldatzen ditu ekosistema batzuetan, arrainak eta uretako ornogabeak hiltzen ditu, eta lurraren azidotasuna handitzen du, iparreko ekosistemetan eta azidoa neutralizatzeko kareharririk ez dutenetan basoaren hazkuntza eragotziz. ■ Populazioak eta komunitateak. Ekosistema bateko unitate funtzionalak organismoen populazioak dira, energia eta elikagaien ibilbideak. Populazio bat mota bereko organismo talde bat da, espazio eta denbora elkarrekin dutenak. Ekosistema bateko populazio taldeek harreman mota desberdinak izaten dituzte. Elkarren mendeko populazio horiek ekosistemaren zati biotikoa hartzen duen komunitatea sortzen dute. ■ Aniztasuna. Komunitateak zenbait ezaugarri ditu: mota nagusitasuna eta aniztasuna, besteak beste. Mota bati elkartutako motetan eragiten duten ingurune baldintzak menderatzean gertatzen da nagusitasuna. Baso batean, adibidez, mota nagusia zuhaitz mota bat izan daiteke, edo bat baino gehiago: haritza eta izeia, adibidez. Itsas komunitate batean organismo nagusiak muskuiluak edo ostrak bezalako animaliak izaten dira. Nagusitasunak komunitate bateko mota aniztasunean eragin dezake, aniztasuna ez baitagokio soilik hura osatzen duten kideen kopuruari, baizik eta, baita ere, bakoitzak hartzen duen proportzioari. Egituratzeko moduak agerian uzten ditu komunitate baten ezaugarri fisikoak. Lurreko komunitateetan, egituratzea landareek haztean hartzen duten formaren araberakoa izaten da. Komunitate bakunetan, bi geruza izan ohi dira, larretan adibidez lurra eta belar geruza. Baso batek, berriz, zenbait geruza izan ditzake: lurra, belarra, zuhaixkak, zuhaitz txikiak, zuhaitz garaiak. Geruza horiek eragina dute faunaren ingurune fisikoan eta habitat aniztasunean. Uretako komunitateetako geruza mailaketa bertikalak, berriz, baldintza fisikoen eragina jasotzen du: sakonera, argitasuna, tenperatura, presioa, gazitasuna, oxigeno eta karbono dioxidoaren kopurua. ■ Habitata eta nitxoa. Landare edo animalia mota bat, edo multzo bat, bizi den inguruneari habitat esaten zaio. Habitat bakoitzaren barruan, organismoek gune edo nitxo desberdinak hartzen dituzte. Hosto erorkorreko basoan bizi diren hegazti batzuen nitxoa hosto artean bizi diren intsektuez elikatzea da. Zenbat eta geruza gehiagotan banatua egon komunitate bat, orduan eta nitxo osagarri gehiagotan banatua egongo da haren habitata. ■ Populazioaren hazkunde tasak. Populazioek jaiotza tasa bat dute (populazio eta denbora banako bakoitzeko sortutako kume kopurua), heriotza tasa bat (heriotza kopurua denbora banakoko), eta hazkunde tasa bat. Populazioaren hazkunde eragile nagusia jaiotzak dira, eta urritze eragile nagusia, heriotzak. Jaiotza kopurua heriotza kopurua baino handiagoa denean, populazioa ugaldu egiten da, eta alderantziz gertatzen denean, berriz, urritu. Jaiotza kopurua eta heriotza kopurua bat datozenean, populazioak ez du ez aurrera ez atzera egiten, eta orduan hazkunde tasa zero dela esaten da. Ingurune egokian sartuz gero, baliabide ugarirekin, populazio txiki batek hazkunde geometriko esponentziala izan dezake. Populazio askok hazkunde esponentziala izaten dute habitata kolonizatzeko lehen etapetan, gutxi ustiatutako nitxo batez jabetuz, edo beste populazio batzuk kanporatuz. Esponentzialki ugaltzen segitzen duten populazioek, baina, baliabideak agortzen dituzte, eta gainbehera azkarra izaten dute, hondamendia eragiten duen gosete, izurrite edo beste mota batzuekiko lehiaren ondorioz. Oro har, hazkunde ziklo esponentzialak dituzten landare edo animalia populazioek ondorengotasun zabala izaten dute. Bizialdi laburra izaten dute, azkar sakabanatzen dira, eta ingurune gogorrak edo eraldatuak kolonizatzeko ahalmena dute. Beste populazio batzuk, hasieran, esponentzialki ugaltzen dira, eta logistikoki gero; hau da, hazkundea urrituz doa populazioa handitu ahala, eta ingurunea iraunarazteko ahalmenaren mugara iristean egonkortu egiten da. Zenbait mekanismo erregulatzaileren bidez, populazioek nolabaiteko oreka lortzen dute tamainaren eta eskura dituzten baliabideen artean. Ugaltze mota hori duten animaliek ume gutxiago izaten dituzte, baina arretaz zaintzen dituzte; landareek hazi handiak sortzen dituzte, elikagai erreserba handiekin. Organismo horiek bizialdi luzea dute, sakabanatze tasa txikiak, eta nekez kolonizatzen dituzte eraldatutako habitatak. Populazio dentsitatea aldatzen denean jaiotza eta heriotza tasak aldatzen dituzte, sakabanatzen ibiltzearen beharrik gabe. Populazioa baliabideak agortzeko zorian dagoenean, jaiotza tasa murriztu egiten da, eta izaki gazte eta helduen heriotza tasa, berriz, handitu. ■ Gizakiaren ekologia. Gizakien eta beren ingurunearen arteko harremanen azterketa. Gizakiaren ekologistek gizakiek beren genetika, fisiologia, kultura eta portaera ingurune fisiko eta sozialera nola egokitzen duten aztertzen dute. ■ Historia. Gizakien eta beren ingurunearen arteko harremanen azterketa ez da gauza berria. Greziarrek ingurune fisikoak kultura eta portaera zehazten zituela uste zuten. Haien ustean klima beroak jendea geldo bihurtzen zuen eta aldaketa ugariko klimak, berriz, osasun eta oreka iturri ziren. Ikuspegi hori ("ingurune determinismoa") indarrean egon da XX. mendea arte. Hala ere, XIX. mendean zehar arkeologia eta etnografia datuak ugaritzen hasi ziren ahala, argi geratu zen gizakia kulturaz baliatu zenetik inguruneko eragozpenak gainditzeko, ingurunearen eragina gizartean ez dela hain handia izan. Tarteko ikuspegi bat bada, aleman etnologo Franz Boasek "posibilismoa" deitu zuena; ikuspegi horren arabera, inguruneak kultura baldintzatzen du, aukera batzuk definitzen baititu; aitzitik, faktore historiko eta kulturalek aukera horietako bat egiteko orduan dute eragina. 1940ko hamarraldiaren bukaeran, estatubatuar antropologo Julian Stewardek gizakiak sistema ekologiko baten parte direlako ideia sartu zuen. "Ekologia kulturala" terminoa erabili zuen, eta bultzada handia eman zion ehiztari-biltzaile, artzain eta nekazari gizarteen ikerkuntzari. Hala ere, 1960ko hamarraldia arte "ekologia kulturala" eta "ekologia biologikoa" kontzeptuek ez zuten "gizakiaren ekologia" kontzeptu modernoan bat egin. Gaur egun, gizakiaren ekologia marko ekologiko eta ebolutibo zabal baten barruan sartzen da, eta besteak beste, gizakiak ingurunean duen eragina, elikadura, hondamendi ekologikoak eta demografia ditu aztergai. ■ Muturreko inguruneetara egokitzea. Gizakiek arrakastaz kolonizatu dituzte planetako ia alderdi guztiak, hala basamortu kiskalgarriak nola izotzezko eremu hotzenak. Beraz, gizakia oso ingurune desberdinetara egokitzeko gauza izan da. Klima hotzean hazitako gizabanakoak txikia eta sendoa beharko du izan, eta klima beroan hazitakoak, berriz, luzexkoa eta argalagoa. Hori horrela da bero galera erregulatzeko, eta prozesua atzeraezina da hazkundea behin bukatuz gero. Beste erantzun fisiologiko batzuk malguagoak dira. Gizakiak dardaraz egoten dira ingurune hotzetara egokitzeko, eta metabolismo basala handitzen dute gorputzaren tenperatura igotzeko. Aitzitik, gizakia klima beroetara bi asteren buruan egokitzeko gauza da bihotz taupadak gutxituz eta izerdia handituz. Hala ere, jantziak eta beste egokitzapen kulturalak ere garrantzi handikoak dira. Ande mendietan klima hotzetan bizi diren herrietan artilezko arropa kolore ilunekoak erabiltzen dituzte beroa mantentzeko; basamortuan, berriz, jantzi lasaiak erabiltzen dituzte, azala eguzki argiaren ondorio kaltegarrietatik babesteko, eta gorputza egurasteko, bide batez. ■ Elikadura. Giza taldeen egitura –nomadak izan, nekazariak izan, edo ehiztari-biltzaileak izan– iraupen eskemen ondorio da batez ere, eta horretan garrantzi handia du elikadurak. Elikagaiak eskura izatean edo ez izatean, baina, alde handiak daude herri batzuetatik besteetara, eta hori argi islatzen da herrion dietan. Amazonasko indiarrentzat eta Australiako indigenentzat, adibidez, intsektuak proteina eta gantz iturri ezinbestekoa dira. Dieta, baina, faktore genetikoen araberakoa ere izan daiteke. Gizaki heldu askok ezin du esnerik hartu, laktosa desegiteko behar den laktasa entzima sortzen ez duelako. Artzain eta nekazari herriek "laktosa eramateko" modua lortu dute eta esnea garrantzi handikoa da beren dietan. Elikagai beharrak asko aldatzen dira herri batzuetatik besteetara. Beren lurraldeko baldintza gogorretara egokitzeko, inuitek beste herriek baino bi aldiz kaloria gehiago behar dute. Janaria noiz eskuratuko duten aurretik jakitea zaila denez, gizarte jokabide bereziak hartzen dituzte eta janaria banatzen dute, urritasun aldiak aurrez ikusiz, eta ahaidetasun, erritu eta ezkontza bidezko loturak baliatzen dituzte harreman kooperatibo horiek mantendu eta zabaltzeko. ■ Demografia. Gizakiaren ekologistek faktore biologiko eta kulturalen, ugaltzeko ahalmenaren eta hilkortasunaren arteko erlazioa aztertzen dute. Basmortuan, adibidez, biztanle dentsitate txikiak baizik ezin dira mantendu, eta gizataldeak banako gutxikoak izan behar dute. Horretarako, herri batzuek emakumeen bular ematea luzatzen dute, obulazioa eragotzi eta emankortasun aldia atzeratzeko. Horrekin batera, sexu harremanei buruzko tabu kulturaletara jotzen dute jaiotza tasa kontrolatzeko. Mendebaldeko herrietan, egungo medikuntzak, osasungintzak eta hezkuntzak haurren hilkortasuna murriztu dute, eta seme-alaben kopurua mugatzeko neurriak hartu dira.