Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ekialde Hurbila

Afrikako eta Asiako kontinenteen artean dagoen lur eremu zabala, Mediterraneo itsasoko ekialdeko ertzetatik Indiako Ozeanoaren ipar-mendebaleko bazterretaraino hedatzen dena. 5.000.000 km2-tik gora ditu guztira. Lurralde horretan sortu ziren antzinako zibilizazio handiak (kaldearrak eta egiptoarrak, Asiria, Babilonia eta Fenizia) eta bertan bizi dira orain aspalditik borrokan dabiltzan bi herri, judua eta islamiarra. Arabiarrak dira bertako estatu gehienak (Egipto, Libano, Siria, Irak, Saudi Arabia, Jordania eta Yemen). Turkia, Israel eta Iran ez dira arabiarrak, eta estaturik ez duen beste herri arabiar bat ere bizi da bertan: Palestina. Libia eta baita Sudan ere Ekialde Hurbileko naziotzat hartuak izan dira zenbaitetan. Erdi Aroan Sartalde edo Levante izenez deitzen zieten Mediterraneo ekialdetik harantzago zeuden lurralde hauei eta XIX. mendetik aurrera, Ekialde Erdia izena zabaldu zen Europa mendebalean, ingelesen Middle-East deiturari jarraituz.  v  Ekonomia. Ekialde Hurbileko munduko estatuak petrolio ekoizlerik handienak dira, Ipar Amerikaren ondoren. Esportazioari begira petrolio bide guztiz garrantzitsuak antolatua dituzte, petrolio gordina nahiz findua itsas portuetara egokiro garraiatu ahal izateko (Saida eta Tripoli dira petrolio portu nagusiak).