Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Egoyan, Atom

Kanadar zinema zuzendaria (Kairo, 1960). Egoyan jatorriz armeniarra da, eta hiru urte zituela Victoria britainiar koloniara joan zen bizitzara. Ondoren Toronton bizi izan zen eta han gitarra klasikoa eta Nazioarteko harremanak ikasi zituen, diplomatikoa izan nahi baitzuen bizibidez. Baina berehala ohartu zen antzerki lanak eta zinemarako gidoiak idaztea zuela gustukoena. 1979-1981 urteen bitartean hiru film labur egin zituen. Ikasketak amaitu ondoren Open House film laburra filmatu zuen; telebistak erosi egin zion lana eta diru horrekin eta beka batekin film luze bat egin zuen, Hurbileko senideak, izugarrizko arrakasta izan zuena. Film horretan Arsinée Khanjian antzezlea ezagutu zuen, hurrengo filmetan ere lan egingo zuena eta emazte izango zuena. Nazioarteko hainbat jaialditan jaso zituen sariak. Egoyanek larritasuna sortzen duten giroak erakusten ditu, inguruaren baretasuna apurtzen dutenak. Exotikoa lanarekin Egoyanen zinemagintzak aldaketa nabarmena bat izan zuen, eta lan horrekin Cannes-ko Jaialdiko Kritikaren saria lortu zuen. Bi urtez operak zuzentzen aritu ondoren, 1997an zinemara itzuli zen Etorkizun gozoa lanarekin. Lan horrekin zuzendari onenaren Oscar sarirako izendatu proposatu zuten.