Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Edelman, Gerald Maurice

Estatu Batuetako biokimikaria (New York, 1929). Collegevilleko Ursinus Collegen egin zituen kimikako ikasketak eta Penssylvaniakoan medikuntzakoak; 1954. urtean graduatu zen medikuntzan, eta 1960an lortu zuen doktoregoa, immunoglobulinei buruzko tesi batekin. 1957-1992 bitartean Rockefeller Unibertsitateko irakaslea izan zen, eta han egin ditu, hain zuzen ere, bere ikerketa aipagarrienak, antigorputzei buruzkoak batez ere. 1972. urtean Medikuntzako Nobel saria jaso zuen R. Porter zientzialariarekin batera, antigorputzen egitura kimikoari buruz egindako lanengatik. Hain zuzen ere, egitura kimikoa ongi ezagutuz gero, antigorputz mota desberdinak eta antigorputz bakoitzaren funtzionamendua antzeman daitezkeela jabetu zen Edelman. Edelmanek antigorputz baten egitura aztertu zuen eta antigorputzak gai patogenoarekin duen lotura aztertu zuen. Bere ekarpena garrantzi handikoa izan da immunologiari buruzko ikerketetan, eta zenbait eritasunen diagnosian eta tratamenduan aurrerapenak egiteko aukera eman du.