Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

drama

iz. Tragedia eta komedia nahasten diren antzerti mota. ◊ Antzerki bihotz-hunkigarria.  v Dramak berez lotura handia du ahozko literaturarekin, eta testu dramatiko idatziaren eta antzerki emanaldiaren arteko harremanak finkatzea ez da beti gauza erraza. K.a. V. mendeko Greziako  dramagileen testuetatik, ondorengo kopiatzaileek bildutako laburpenak besterik ez dira iritsi. Beraz, esateko edo abesteko hitzen eta antzerkiko gainontzeko elementuen (mugimendu, agertoki, jantzi, musikaren…) arteko harremanak zehaztea zaila da. Dramagilearen idazkeran oinarrituta zenbait datu lor daitezke, baina gehienetan bestelako ikerketak egin behar dira osagai horiez zerbait jakiteko. Ingalaterrako Errenazimentu garaiko drametan ez zen hasieran testurik argitaratzen, baina lanen garrantzia areagotu ahala hasi ziren drama liburuak kaleratzen. XIX. mendetik aurrera batez ere, testu idatziaren ondoan, agertokiaz, antzezleen mugimenduez eta antzezleen itxuraz oharrak idazten hasi ziren. Testu horiek literatura lan nagusi bilakatu ziren zenbaitetan: Oresteren zikloa, Lear Erregea, Peer Gynt. Hala ere, errez ahazten da idazkera mota hau zenbait ahotsentzat egina dela, eta ekintzak adierazteko gainera. Greziarren drametan, itzulpenak direnean batez ere, maiz falta dira koruek eta antzezleek abestu behar zituzten zatiak. Gauza bera gerta daiteke, galduak egotea alegia, mugimenduekin eta antzezleen arteko harremanekin zerikusia duten oharrekin. Esandakoaren arabera, ahozko literaturak eta dramak zerikusi handia dute, baina hala ere, literatura dramatikoaren barruan sartuak daude drama nagusiak.