Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Doherty, Peter

Australiar zientzialaria (Brisbane, 1940). 1996ko Fisiologiako Nobel saria jaso zuen, immunitate sistemak birusak kutsatutako zelulak nola ezagutzen dituen aurkitzeagatik. Garrantzi handiko aurkikuntza izan zen hura minbiziaren eta beste eritasun larri batzuen aurkako borrokan. Albaitari ikasketak egin zituen Queenslandeko Unibertsitatean. 1963-1967 bitartean Animalia Ikerkuntzarako Institutuan lan egin zuen, Australiako gobernuarentzat, unibertsitate eskolak ordaintzeko. Bien bitartean, australiar Nobel saridun MacFarlane Burneten lanari esker immunologiarekin zaletu zen, eta Australiako gobernuarentzako lanak bukatu orduko, ardien garuneko birus infekzioei buruzko doktore tesia prestatu zuen Edinburgoko Unibertsitatean, Eskozian. 1972an Australiara itzuli zen, Australiako Unibertsitate Nazionaleko Medikuntza Ikerkuntzako John Curtin Eskolako ikerkuntza zuzendari gisa. Han egin zituen Nobel sariaren merezidun egin zuten ikerkuntzak. Rolf Zinkernagel zientzialari suitzarrarekin batera, T zelulen jarduera ezagutzeko saioak egin zituzten saguekin, zelula horiek birusak kutsatutako zelulak hiltzeko gaitasuna dutelako. 1975-1982 bitartean Wistar Institutuko irakasle izan zen, Filadelfian, eta Australian Medikuntza Ikerkuntzako John Curtin Eskolako patologia esprimentalaren sailburu gisa lan egin ondoren zenbait urtez, Estatu Batuetara itzuli zen 1988an, Menphisera, haurrentzako St. Jude ikerkuntza erietxeko immunologia saileko zuzendari gisa. 1983an Paul Ehrlich saria irabazi zuen, Alemanian, 1986an Nazioarteko Gairdner Fundazioaren saria, eta 1995ean Medikuntza Ikerkuntzako Albert Lasker saria. 1996an Fisiologiako Nobel saria jaso zuen, Zinkernagelekin batera, hogeita hiru urte lehenago egindako aurkikuntzarengatik.