Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Disraeli, Benjamin

(Beaconsfield-eko I. kondea) Ingalaterrako politikaria eta idazlea (Londres, 1804 - Londres, 1881). Literaturan hasieran huts egin bazuen ere, nolabaiteko arrakasta lortu zuen 1826. urtean argitara eman zuen Vivian Grey misteriozko eleberriarekin. Bi urtez Mediterraneoko ekialdean zehar bidaiatu ondoren, Londresa itzuli eta hautagai erradikal izan zen 1832ko hauteskundeetan, baina ez zuten hautatu. Alderdi kontserbadorerantz jo zuen eta diputatu hautatu zuten Parlamentuko Behe Ganberan 1837. urtean. Robert Peelengandik bereizi eta diputatu kontserbadore gazte talde baten buru jarri zen. Bere ideia politikoak Coningsby eleberri politikoan ezagutarazi zituen 1844. urtean. Sybil bigarren eleberrian gizarte arazoen inguruan zituen kezkak ageri zituen. 1866. urtean eta 1874-1880 urteetan Lehen Ministro izan zen. Politika inperialistaren aldeko sutsua zenez gero, 1876. urtean Viktoria erregina Indiako enperadore izendarazi zuen. Errusiarren eta turkiarren arteko gerran (1877-1878) errusiarren aurka jarri zen eta britainiarren eragina indartu zuen turkoen inperioan. 1879. urteko nekazaritzaren krisiaren ondorioz galdu egin zituen ondoko urteko hauteskundeak.