Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Diouf, Abdou

Senegaldar politikaria eta legelaria (Luga, 1935). Zuzenbide eta politika zientzietako ikasketak egin zituen, Dakarko Unibertsitatean eta Parisen. 1960an itzuli zen Senegalera, herrialdeak independentzia eskuratu berri zuela, eta hango administrazioan hasi zen lanean. Hogeita bost urterekin, gobernuaren idazkari nagusiaren laguntzaile hartu zuten, eta Nazioarteko Lankidetza Teknikorako zuzendari izendatu zuten. Aurrerago, 1961ean, Defentsa Ministerioaren idazkari nagusi izatera igaro zen. Urte hartan bertan Senegalgo Batasun Progresistan sartu zen, eta idazkari laguntzaile izendatu zuten. Sine Salnum eskualdeko gobernadore izendatu zuten 1962an, eta gobernuko lehendakariaren kabineteko zuzendari, hurrengo urtean. Halaber, gobernuko idazkari nagusi izan zen 1964 eta 1965ean, eta Plangintza eta Industria ministro 1968tik aurrera. Bi urte geroago Senegalgo Lehen ministro izendatu zuten. Senghor lehendakariaren konfiantzako gizona izanik, honek estatuko buruzagitza utzi zuenean, Dioufek hartu zuen haren lekua, 1981eko urtarrilaren 1ean. Aldi berean, Senegalgo Alderdi Sozialistaren Idazkaritza Nagusia bereganatu zuen. 1982an Senegal eta Gambiaren arteko Konfederazioaren lehendakari izendatu zuten. 1983ko maiatzeko hauteskundeetan Alderdi Sozialistak botoen % 80 baino gehiago eskuratu zituelarik, Diouf herrialdeko lehendakaritzan berretsi zuten. Bost urte geroago, 1988an, Lehendakaria eta Legebiltzarreko 120 kideak hautatzeko hauteskundeak egin ziren, eta berriro irabazle izan zen, gehiengo osoz. Hurrengo egunean, Dioufen aurkako oposizioko kideek Dakarren eragin zituzten istilu larriak zirela eta, salbuespen egoera ezarri zuen eskualde osoan. 1989ko abuztuan Mauritaniarekin harreman diplomatikoak hautsi zituela iragarri zuen, herrialde hartatik Senegaleko enbaxadorea egotzi zutelako. Ginea Bissaurekin ere Senegalek muga arazoak ditu eta 1990eko maiatzean borroka armatuak gertatu ziren bi herrialdeen artean. 1990eko irailean, Dioufek gudarostea Persiako Golkora bidaltzeko asmoa iragarri zuen, Saudi Arabiari laguntzearren, baina oposizioak gogor kritikatu zuen erabaki hura, Casamanceko eskualdean, hegoaldean, istilu larriak gertatzen ari zirelako eta soldadu asko hara bidaliak izan zirelako. 1991ko uztailaren 6an Afrikako Estatu Batuetan Ekonomia Erkidegoaren lehendakari hautatu zuten urtebeterako.