Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

diktadura

iz. Diktadore batek agintzen duen gobernu era.  v  Langileen edo proletarioen diktadura. Marxismoaren arabera, langileek, estatuaz eta produkzioko bitartekoez jabetu ondoren, klaserik gabeko gizarterako bidean bete behar duten lehen garaia. Marxen ustetan, Parisko Komunan egin zen langileen diktadurarako lehen saio nagusia. 1917ko Iraultzaren ondoren, langileen diktadura abiarazi zuten boltxebikeek gobernu gisa. Sobietar Batasuneko gertaerak oinarritzat harturik, langileen diktaduraren prozedurari buruzko ikuspegi desberdinak sortu ziren pentsalari marxisten artean. Trotskiren aburuan, 1921etik aurrera Sobietar Batasunean bideratu zen prozesua, langileen diktadura baino, langileei oro har ezarri zitzaien sistema burokratiko eta askatasunen murriztailea izan zen, teori marxista-leninistetatik at. Maoren teorien arabera, bestalde, ezinbestekoa da herri errepublika sozialistaren garaian iraultza komunistak eskatzen dituen betebeharrak sakontzea, benetako langileen diktadurara heldu aurretik. 1970eko hamarkadaren hasieran, Europako mendebaleko alderdi komunista batzuek (Italia, Frantzia eta Espainiako alderdi komunistak), langileen diktadura alde batera utzi eta, sozialismorako urrats gisa, herri klaseen arteko programa bateratu baten aldeko estrategia aldarrikatu zuten, hauteskundeen eta berrikuntzen bidez. Eurokomunismo izena hartu zuen ikusmolde horrek.