Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

digestio

iz. Janariak urdail-hesteetan gorputzak bereganatzeko gai bihurtzea. || Digestio(-)aparatu. Elikagaiak digeritzeaz arduratzen den gorputzeko sistema.Elikagaiak digeritzeaz arduratzen den gorputz sistema. Zatiak: ahoa, faringea, hestegorria, urdaila, heste meharra, heste lodia, ondestea eta uzkia. Guruin ugari dira digestio hodian zehar, elikagaiak digeritzeko ezinbestekoak diren entzimak eta isurkinak jariatzen dituztenak: listu-guruinak, urdailekoak eta hesteetakoak. Horiez gainera, beste organo batzuek ere parte hartzen dute digestioan: gibela, behazun ziskua eta pankrea.  v  Med. Elikagaiak gorputz ehunek bereganatzeko gai bihurtzen dituen prozesu multzoa. Zelula bakarreko izakietan, zelula barneko digestioa gauzatzen da (protoplasmaren digestio hartzigarriek zelulak barneratutako elikagaia disolbatzen dute). Zelula anitzeko izakietan, aparatu berezi bat izaten da elikagaiak digeritzeko. Bi motako funtzioak gauzatzen dira digestioan: mekanikoak eta kimikoak. Digestioaren funtzio mekanikoak: 1) Mastekatzea: hortz-haginek elikagaiak xehetu eta birrintzen dituzte, digestio entzimen eginkizuna errazteko. Aldi berean, elikagaiak listuaz nahasten dira. Horrela eratzen da elikagai-bola (ik. mastekatu). 2) Irenstea: elikagai-bola ahotik urdaileraino igaroarazten da, mihiaren, eta faringeko, laringeko eta hestegorriko giharren mugimenduen bidez (ik. irentsi). 3) Urdailak, bere giharrak behin eta berriz uzkurtuz, elikagaiak prestatzen ditu urdaileko jariakinak har ditzaten. 4) Hesteek, peristalsiaren bidez, uzkirantz igaroarazten dituzte elikagaiak. Digesioaren funtzio kimikoak: elikagaiak ehunetara iristeko moduko gai bilakatzea da haien helburua, ura, gatz mineralak eta zenbait azukre baitira, soilik, berez hesteetatik ehunetara iristeko gauza. Gainerantzeko kimika gaiak, digestio entzimen eraginaz prestatzen dira ehunetara igaro ahal izateko: 1) Polisakaridoak digeritzen dituzten entzimak: amilasak (listuan, pankrean eta hesteetan), almidoia maltosa bihurtzen dutenak; maltasa (hesteetan), maltosa, hidrolisiz, glukosa bihurtzen duena; sakarasa edo inbertasa (hesteetakoa), sakarosa molekula bakoitzetik glukosa eta lebulosa molekula bana lortzen dituena; laktasa, laktosatik glukosa eta galaktosa. 2) Protidoak digeritzen dituzten entzimak: pepsina (urdailean), protidoetatik pepeptonak eta polipeptidoak; Lab hartzigarria (urdailean), esnea gatzatzen duena; tripsina (pankreak jariatua), proteinetatik polipeptidoak, eta hauetatik aminoazidoak; erepsina (hesteetan) pepsinarekiko eta tripsinarekiko erresistentzia duten polipeptidoetatik aminoazidoak. 3) Gantzen digestioa: pankreako lipasak gantzak emultsionatu eta saponifikatzen ditu eta hesteetako lipasak emultsionatutako gantzak saponifikatzen ditu. Funtzio horiek gauza daitezen, behazuna da ezinbestekoa.