Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Depardieu, Gérard

Frantses antzezlea (Châteauroux, 1948). Haurtzaro zaila izan zuen eta hamasei urte bete zituen arte hainbat lanetan aritu zen bizibidea ateratzeko. Adin horretan Parisa joan zen, eta arte dramatikoko ikastaroak egin zituen. Antzerkian, telebistan eta zineman aritu zen. Lehenengo filma 1970ean egin zuen, eta 1974an ospetsu egin zen Les Valseuses de Bertrand Blier filmean zuen paperari esker. Ez du galai gaztearen itxurarik, begirada lotsagabea, eta aldi berean, apala eta samurra du; nabarmena da bere fisikoaren eta bere gizatasun handiaren arteko kontrastea, eta ezaugarri horiei eskerrak edozein eratako paperak sinesgarri bihurtzen ditu: maitemindu sutsuarena Claude Millerren Dites-lui que je l'aime (1977, Esaiozu maite dudala), François Truffauten La Femme d'à côté (1981, Ondoko emakumea) lanetan; harroputzarena Marco Ferreriren La Dernière Femme (1976, Azken emakumea) lanean; baldarrarena Maurice Pialaten Loulou (1980) filmean; antzezlearena F. Truffauten Le Dernier Métro (1980, Azken metroa); apaizarena M. Pialaten Sous le soleil de Satan (1987, Satanen eguzkipean) lanean; mozkorrarena, Claude Berriren Uranus (1990) filmean. Film historikoetan lan egin du: Cyrano de Bergerac (1990), Tous les matins du monde (1990, Munduko goiz guztiak). Komedia arin eta komertzialak arrakasta handiko film bihurtzeko gaitasuna izan du, hala nola La Chèvre (1981, Ahuntza), Les Fugitifs (1986, Iheslariak), Les Anges gardiens (1995, Aingeru zaintzaileak), Astérix et Obélix contre César (1998, Asterix eta Obelix Zesarraren kontra). Horrez gainera, zuzendari berrien lanak babestu ditu: Daniel Vigneren Le Retour de Martin Guerre (1982, Martin Guerreren itzulera), François Dupeyronen Drôle d'endroit pour une rencontre (1988, Leku berezia elkartzeko), Yves Angeloren Le Colonel Chabert (1994). Hogeita bost urtean laurogei film egin ditu eta nazioartean gehien ezagutzen den frantses antzezleetako bat bihurtu da. New Yorkeko kritikariek 1983. urteko antzezle onenetzat hartu zuen Martin Guerreko paperagatik. Estatu Batuetan bi film egin ditu; Green Card (1990) izan da horietako bat, zeinarekin izan baitu arrakasta handia hango ikusleen artean.