Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Denver, John

(Jaiotza izena, Henry Deutschendorf). Estatubatuar musikagile eta kantaria (Roswell, Mexiko Berria, 1943 - Ozeano Barea, 1997). Hil zen garaian –gidatzen ari zen hegazkina itsasoan hondoratu zen, Kaliforniako kostaldean– musikaren historian disko gehien saldu dituen bost kantagileetako bat zen. Bazituen urrezko hamabi eta platinozko lau disko. 1964an arkitektura ikasketak bertan behera utzi eta musikaren munduan buru-belarri sartu zen. Los Angelesera joan zen eta The Chad Mitchell Trio taldean hasi zen jotzen. Aldi berean beste musikari batzuentzat kantak idazten zituen, eta arrakasta handia lortu zuen Banoa hegazkin batean abestiarekin. Batez ere folk eta country musika landu zituen, eta 1971n izugarrizko arrakasta izan zuen beste disko bat argitaratu zuen: Take me home, country roads (1971, Eraman nazazue etxera, herri bideok). Haren ondotik Thank God I'm a country man (Eskerrak Jainkoari herriko seme bat naizen) eta Calypso heldu ziren. Laurogeiko hamarraldian zentral nuklearren zabalkundearen aurkako protestetan parte hartu zuen, eta hurrengo hamarraldian ingurune naturalak babestearen aldeko kanpainetan. Hain zuzen, foken erreserba natural baten gainean hegaldatzen ari zela hil zen.