Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

David, Jacques Louis

Margolari eta marrazkigile frantsesa (Paris, 1748 - Brusela, 1825). Eskola neoklasikoaren sortzaile garrantzitsuenetakoa eta ordezkaririk garrantzitsuena izan zen. Boucher pintorearen ikaslea izan zen eta harekin joan zen Italiara. Bertan maisu neoklasikoen artea ezagutu eta Antiokos et Estranonice koadroa egin zuen. Le Serment des Horaces pintatu zuen Erroman 1784. urtean. Davidek garrantzi handiko karguak izan zituen Iraultzaren garaian eta Erregearen heriotzaren aldeko botoa ez ezik Akademiaren deuseztapenaren aldekoa ere eman zuen. Biltzar konstituziogileak Pilota jokoko zin-egitea koadroa agindu zion, baina ez zuen amaitu agertzen ziren pertsonaiarik gehienak susmagarriak baitziren. Martiri iraultzaileak goraipatu zituen Le Jeune Bara (Bara gaztea) eta Marat assassiné (Marat hila) koadroetan. Robespierrek porrot egin zuenean atxilotu egin zuten, eta kartzelan zegoela Luxenburgoko lorategia pintatu zuen (1794). Aske utzi zuten Inperio garaian eta Napoleon Bonaparteren margolari ofizial izendatu zuten: Bonaparte au Grand-Saint-Bernard (Bonaparte San Bernardon, 1801), Le Sacré (Koroatzea, 1805-1807) eta La Distribution des aigles (Arranoen banaketa, 1810). Errestaurazio garaian Bruselara erbesteratu behar izan zuen. Besteak beste, Gros, Isabey, Ingres edo Girodet margolarien maisua izan zen.