Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dakota, Ipar

(Ing. North Dakota). Estatu Batuetako ipar erdialdeko estatua. Mugak: Kanada, iparraldean; Minnesota, ekialdean; Hego Dakota, hegoaldean eta Montana, mendebalean. 183.022 km2 eta 635.000 biztanle (1991). Hiriburua: Bismarck. Hiri nagusiak: Fargo (Unibertsitate hiria), Grand Forks, Minot. v Orografia. Ordoki lurraldea da; gero eta eremu garaiagoak ageri dira mendebal aldean. Red River ibaiaren ibarrak daude ekialdean eta Missouri ibaiak zeharkaturiko lurraldeak mendebalean.  v Klima. Kontinentala da, eta tenperatura gorabehera handiak ditu. v Ekonomia. Nekazaritza garrantzitsua da: garia, garagarra, oloa, patata, erremolatxa. Petrolio, ikatz eta gatz hobiak. Industria berria da, petrolio eta gatz ustiapenari lotua batez ere. Garrantzizko turismoa (Theodore Roosvelt Memorial Park, Missouri aldean). v Historia. Estatu Batuek 1803. urtean hartu zuten berentzat, Louisianarekin batera, dakota herria bizi zen lurraldea. 1818. urtean zehaztu zen Kanadaren eta Estatu Batuen arteko muga eta kolono zuriak egokitu ziren lurralde haietan; dakotak, bertako biztanleak, sakailatu egin zituzten. 1861. urtean sortu zen Dakota izeneko lurraldea eta zuriek Missouri ibaiaren mendebalerantz egotzi zituzten dakotak, lurrik gabe utzi ondoren (Dakota eta Minnesota). 1889. urtean Dakota lurraldea bitan banatu zen, eta Ipar Dakota Estatu Batuetako 39. estatua bihurtu zuten.