Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Chomsky, Noam A

Estatu Batuetako hizkuntzalaria (Filadelfia, 1928). Egungo hizkuntzalaritzan itzalik handiena duen pentsalaria. Berak sortu zuen 1957an hizkuntzalaritza sortzailea izenarekin mundu osoan ezaguna den hizkuntzalaritza eskola berria. Chomskyren ustez, hizkuntza deitzen dugun gertaera ez da gizartean dagoen zerbait, fenomeno soziala beraz, gizakiaren burmuinaren funtsezko ezaugarria baizik, gizaki orok sortzez duen zerbait. Bestela, nekez ulertuko litzateke haurrak (haur guztiek, arraza eta herrien gainetik), bizpahiru urteko epe labur batean, hizkuntza bezalako ezagutza sistema bat halako ahalegin berezirik gabe bereganatzea.       
 v  Hizkuntzaren datuak analogiaren bidez azaltzen ez direnez, beste nolabaiteko argudioak erabili behar dira datu hauen berri emateko. Gramatika sortzailearen ustez, hizkuntza guztiek funtsean eredu berari jarraitzen diote eta hizkuntzetako gramatika guztiek baldintza zehatz eta jakin batzuen azpian eraikitzen dira, nolabait ere hizkuntzaren funtsezko ezaugarritzat har daitezkeenak. Ezaugarri, hastapen edo baldintza hauek (uztardura, mugadura, kategoria isilak, etab.) unibertsalak dira eta hizkuntza naturalen nolakotasuna zedarritzen dute. Printzipio horiek burmuinean daude eta heredatu egiten dira. Nola ez den besoak hazten ikasten, ez da hitz egiten ere ikasten, gizarte baldintza batzuk gertatuz gero, hizkuntza hazi egiten baita haurrarengan. Azken batean, umeak hizkuntza baten (edo batzuen) azaleko ezaugarriak baizik ez ditu ikasi behar (hiztegia, arau jakin batzuk, etab).  
 v  Eztabaida luzeak sortu dituzten formulazio teoriko hauek hizkuntzalari sortzaileek hainbat hizkuntzatan egin izan dituzten azterketetan oinarritu dira; azterketa hauen formulazioa Chomskyk berak egin du, logika, matematika eta gaur egungo komunikazio sistemetan erabiltzen diren baliabideez baliatuta. Horrela, lehenengo formulazioa Syntactic Structures (Sintaxi egiturak) liburuan egin zuen 1957an, gramatika sortzaile-bihurtzaile baten eredua erakutsi eta teoriaren oinarriak jarri zituena. Bere teorien bigarren formulazioa Aspects of the Theory of Syntax (Sintaxi teoriaren gaiak) liburuan egin zuen 1965ean. Hirugarren eredu bat proposatzen du Lectures on Government and Binding (1981, Uztardura eta gobernuari buruzko hitzaldiak) lanean, eta orain garatzen ari da beste bertsio bat Knowledge of Language: Its Nature, Origin, and Use (1986, Hizkuntzaren ezagutza: haren natura, jatorria eta erabilera) eta Barriers (1986, Hesiak) liburuak idatzi zituenez geroztik. Idazki hauek guztiek Ameriketan, Europan eta Asian arrakasta handia izan dute, eta Chomskyren teorien inguruan aldeko nahiz kontrako beste zenbait eskola sortu dira. Beti aitortzen da, haatik, Chomskyren nagusitasuna.           
 v  Chomskyren lanak bestelako hainbat alderdi ditu: ezagunak dira XX. mendeko filosofo ezagunenekin izan dituen eztabaidak, gero zenbait liburutan islatzen direnak (Descartesen hizkuntzalaritza, Hizkuntza eta adimena, Hizkuntzari buruzko hausnarketak, etab.). Politikan, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako kanpo arazoetako politika gogor salatzen du, eta inperialismoaren aurkako hainbat gauza idatzi du. Atxilotu ere egin dute horregatik zenbait aldiz.