Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Chocano, José Santos

Peruko poeta (Lima, 1875 - Santiago, 1934). Ameriketako modernismoak eman zuen idazlerik hoberena, Rubén Darío-rekin batera. Perutik egotzi zuten, bere ideia sozialista eta iraultzaileengatik (Iras santas, Haserre santuak, 1895). Han eta hemen ibili zen gorabehera politiko ugarietan nahasia. Pancho Villaren aholkularia izan zen Mexikon. 1915. urtean estatu hartatik alde egin behar izan zuen eta Guatemalara joan zen, Estrada Cabrera diktadorearen zerbitzuan. 1920. urtean Costa Ricara igaro zen eta handik Perura. 1922. urtean kartzelan sartu zuten, Edwin Elmore idazlea hilik suertatu zen liskar baten ondorioz. Chocano Txilen hil zuten, tranbia batean, oraindik argitu ez den atentatu batean. Obra nagusiak: El derrumbe (Hondamena, 1899), El dorado (1908) eta Oro de las Indias (Indietako urrea, 1940-1941, hil ondoren argitaratu zen poema bilduma).