Chang, Thomas Ming Swi
Zelula artifizialaren asmatzailea. Swatow-njaio zen, Txinaren hegoaldean. Aitona sendagilea zuen eta bizikletan joan ohi zen aldirietan zituen gaixoez arduratzera. Montréalgo McGill Unibertsitatean (Kanada) egin zituen ikasketak eta, artean ikaslea zela, munduko lehen zelula artifiziala asmatu zuen, 1957an. Changen burutazioa eragile biologikoak (entzimak, esate baterako) eduki zitzaketen plastikozko mikrokapsula ultrameheak egitea izan zen: plastikozko mintzaren irazkortasuna kontrolatzen bazuen, zelula artifizialaren pareta zeharkatzen zuena ere kontrola zezakeen eta, hala, benetako zelulen funtzio asko imitatzeko modua izan zezakeen. Fisikako doktoregoa eskuratu ondoren fisiologiako espezialitatean, Changek odol artifiziala garatu zuen, lehen aldiz, eta giltzurrun, gibel eta pankrea artifizialak ere landu zituen. Nahiz eta organo artifizial horiek eragozpenak ere badituzten, Changen asmakizunak askotan erabili izan dira denboraldi baterako soluzio gisa. Kanadako Ordena jaso zuen.