Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cotten, Joseph

Estatubatuar aktorea (Petersburg, Virginia, 1905 - Los Angeles, 1994). Arte dramatikoko ikasketak egin zituen Washington-go Hickman School of Expression eskolan. Berehala futbolari egin zen, ondoren publizitate saltzaile izan zen The Miami Herald aldizkarian, eta aldizkari horretan bertan zenbait antzerki kritika idatzi zituen (1929). Garai horretan antzerki talde amateur batean hasi zen lanean. 1930ean bikoizketa lanetarako eta erregidore laguntzaile aritzeko hartu zuten New York-eko Belasco Antzokian. Copley Square Theater-en aritu zen antzezle eta, azkenik, 1932an egin zuen debuta Broadwayn Absent Father laneko paper txiki batekin. Zenbait lan egin ondoren, 1936an, Orson Welles-en Federal Theatren hasi zen. 1938an Orson Welles ezagutu zuen, eta hurrengo urtean izugarrizko arrakasta lortu zuen The Philadelphia Story lanarekin. Zineman Orson Wellesen Citizen Kane filmean egin zuen debuta, eta horren ondorenThe Magnificent Ambersons eta Journey into Fear filmak egin zituen. 1942an kontratu bat izenpetu zuen David O. Selznick-ekin zazpi urterako. Hiru film egin zituen, hala ere, kontratu horren aurretik, horien artean Alfred Hitchcocken Shadow of a Doubt (1943), besteak beste. Selznick-ekin paper erromantikoak egin zituen, hala nola, King Vidor-en Duel in the Sun (1946) eta William Dieterle-ren Portrait of Jennie (1948). Kontratua amaitu zitzaionean bi lan egin zituen Britainia Handian, besteak beste, Alfred Hitchcock-en Under Capricorn (1949). Ondoren 20th Century Fox etxearekin egin zuen kontratua, baina erdi mailako lanak egin zituen, Niagara (1953) izan ezik. 1955. urtetik aurrera telebistan aritu zen batez ere, zinemako karrera apur bat baztertuta. Garai horretatik aurrera telebistako filmetako paperak edo europar produkzio txikietakoak eta film ospetsuetako zenbait paper egin zituen: Petulia (1968), Lo Scopone scientifico (1972), Soylent Green (1973), Twilight´s Last Gleaming (1977) eta Heaven´s Gate (1981).