Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cormán, Jesús María

Gipuzkoar margolari eta idazlea (Donostia, 1966). Margolari bezala egin duen lanari dagokionez, paisaia landu du batez ere, kolore hotz eta ilunez hasieran eta berotasun handiagoaz ondoren. Cormánen paisaiak, ordea, ez dira figurazio hutsa, horien inguruan beti baitago artistak islatu nahi izan duen beste emozio edo kontzepturen bat. Puntu horretan uztartzen ditu egileak, hain zuzen ere, bere sormen lanaren alde biak: pintura eta literatura. Berak dioenez, bere testu eta poemak piktorikoak diren neurrian dira literario bere paisaiak. Literaturgintzari dagokionez, poesia lantzen du gehienbat, eta berak sortuak dira Mikel Erentxun kantari donostiarrak bakarka argitara eman dituen diskoen abesti gehienak. Hainbat erakusketa eta arte azoka garrantzitsutan egona da, besteak beste, Madrilgo Arcon. 2000. urtean bi bakarkako erakusketa garrantzitsu egin zituen: Donostiako Altxerri galeriak Borgesen “El Aleph” ipuinean oinarritutako paisaiez osatutako erakusketa egin zuen, eta Irungo Amaia Kulturgunean azken lau urteetako lanak biltzen zituen Avalache erakusketa jarri zuen ikusgai.