Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Clarke, Kenny

Estatubatuar perkusionista (Pittsburgh, 1914 - Montreuil-sous-Bois, 1985). Gurasoak musikagileak zituen, eta zeinek bere musika tresna erakutsi zion, amak pianoa eta aitak tronboia. Clarke-k, bestalde, bibrafonoa eta musikaren teoria ikasi zituen. Dantzak, desfileak, fanfarreak, orkestrak… alde guztietan jotzen zuen. Leroy Bradley-rekin egin zuen Clarke-k benetako debuta, eta bost urte egin zituzten elkarrekin. 1935ean Roy Eldridgekin batera aritu zen. Ondoren, Saint Louis-eko Jeter-Pillars Orchestran aritu zen eta New Yorken Edgar Hayes-ekin lehenengo diskoa grabatu zuen. Apollo Theater-ek bateria-jotzaile gisa hartu zuen. 1937an Finlandian eta Suedian barrena egin zuen itzuli bat. Zortzi hilabetez Claude Hopkins-ekin eta Louis Armastrong-ekin batera jo zuen. Benny Carter-en taldean (1941-1942), Henry «Red» Allen-en taldean eta Coleman Hawkins-enean parte hartu zuen. Baina 52. kaleko tabernetan egin zen ospetsu batez ere. 1946an Dizzy Gillespie eta bere orkestrarekin aritu zen, baina handik zortzi hilabetera taldea utzi eta Tadd Dameron-ekin elkartu zen. Europan bira bat egin zuen. eta Parisen talde frantses eta amerikarrekin aritu zen. Estatu Batuetara itzuli zenean Tadd Dameronekin aritu zen Royal Roost-en. 1952an Milt Jackson, Ray Brown eta John Lewis-ekin Modern Jazz Quartet sortu zuen, eta 1955. urtea arte aritu zen bertan. Garai horretan Frantziara joan zen. Han Kenny Clarke-Fracis Bolan orkestra handia zuzendu zuen eta hainbat taldetan parte hartu zuen. 1957an Ascenseur pour l´échafaud (Igogailua urkamendira) filmeko musika egin zuen beste hainbat musikagilerekin batera.