Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cimino, Michael

Zinemagile estatubatuarra (1943). Ciminoren lehenengo filma Thunderbolt and Lighfoot (1974) izan zen, Clint Eastwood-ekin. 1978an The Deer Hunter filma egin zuen, Vietnamgo gerrari buruzkoa, eta 1970eko hamarraldiko zinemako maisu lantzat hartzen da. Heaven´s Gate lanarekin zinemagile madarikatu bihurtu zen; Estatu Batuen Mendebaldearen konskistaren garaian bertako biztanleen genozidioari buruzko lan hori zinemaren historiako finantza katastrofe handienetako bat izan zen. 1985. urtean Year of the Dragon filma egin zuen, eta 1987an The Sicilian. Kalitateko lanak badira ere, ez zuten aurreko lanek izan zuten maila. Ciminorentzat garrantzi handikoak dira etxea, klana, aberria kontzeptuak eta hala erakusten du Deer Hunter lanean. Ideia horiez gainera, errituen nondik norakoak azaltzen ditu: ezkontza komunitate eslaviarrean Deer Hunter-en, edo eskolako dantza Heaven´s Gate lanean. Igarotzen den denbora, desagertzen diren adiskideak, ez du inork Ciminok bezain ondo erakutsi. Benekotasuna lortzeko soinu banda konplexuak erabiltzen ditu, edo, bestela, figurante profesionalak hartu beharrean filma grabatzen den herriko bertako biztanleak erakusten ditu Ciminok.