Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cézanne, Paul

Pintore frantsesa (Aix-en-Provence, 1839 - Aix-en-Provence, 1906). Bankari baten semea zen; pintura aukeratu zuen zuzenbide ikasketak egin ondoren, bere familiaren nahiari muzin eginez. 1863tik aurrera, Delacroix-ekin ikasi zuen Parisen eta beronen bidez sakon ezagutu zituen margolari klasiko eta barrokoak. Bere lehenengo lanetan Delacroix-en koloreen teoria erabili zuen eta, Courbet-en artearen ildotik, obra libreak, kartsuak eta erromantikoak egin zituen gaztetan (Hiltzaileak, Bahiketa, Gosaria belarretan). Garai honetakoak ditu halaber lehen erretratuak (Paul Alexis Zola irakurtzen, Kotoizko bonetekiko gizona). 1872-1873 urteetan inpresionismoaren bidetik abiatu zen Cézanne, Camille Pissarro lagunaren eraginpean (Zintzilikatuaren etxea Auvers-en). Inpresionismoa berehala utzi eta marra sendo eta konposizio klasikoetara bihurtu zen, bolumen handiekin jokatuz (Estaqueko Itsasoa). Inpresionismoari museoetako artearen sendotasuna eman nahiak eta Veronese, Chardin eta gisako pintoreenganako mirespenak moldatu zuten Cézanne helduaren antzea. Logika klasikoaren arabera, marrazkia eta kolorea koadroen ezinbesteko osagarri bihurtu zituen, eta ikuspegiak irudi geometrikoetan oinarritu zituen (Sainte-Victoire mendia saila, Sukaldeko mahaiak, Gustave Geoffroy-en erretratua). Efektuen etsai handia izaki, bolumena eta espazioa garrantzitsuak izan ziren beti haren lanetan. Koadroetan ikuspuntu bakarra nagusitzearen konbentzio klasikoa albora utzi zuen Cézannek; objektuak bi ikus-angelu desberdinetako ikuspegiz bateraturiko osotasunean eskaintzen zituen. Aurkikuntza honek kubismoan izango zuen adierazpide maila gorena. Bizitzaren azkenaldian, Cézannek gaztetako osagai erromantikoetara jo zuen, erritmo eta kolore biziagoko obrak eskaintzeko (Les Grande Baigneuses, 1899-1905; Le Grand Pin).  v  Bizi zelarik inolako aitorpen ofizialik jaso ez bazuen ere, Cézannek hilondoko ospea ezagutu zuen, Sartaldeko XX. mendeko pinturaren abiapuntutzat hartua izan baita.