Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ceaucescu, Nicolae

Errumaniar politikaria (Scornicesti, Pitesti, 1918 - Errumania, 1989). Gazteria komunistan ibili ondoren alderdiko kide bihurtu zen 1936. urtean. Faxismoaren aurka, Hitlerren eta Antonescuren diktaduren aurka borrokatu zen. 1946. urtean Olt departamentuko diputatu aukeratu zuten, eta 1952an Errumaniako Langileen Alderdiko Biltzar Nagusiko kide izendatu. Alderdiaren idazkari nagusi 1965ean, Estatuko Kontseiluko lehendakari (1967) eta Errepublikako lehendakari (1973) aukeratu zuten ondotik. Herri sozialisten barnean betiere, politika berezia bultzatu zuen, blokeen arteko elkar-hartze politika sustatuz. Ceaucescuren gobernuak, ordea, diktadurarantz jo zuen pixkana-pixkana; berak sortutako polizia politikoak (Securitate) babestuta, zuzendaritza kargu guztiak bere senideen ardurapean utzi zituen. 1989. urtean herriak eta armadak agintetik egotzi zuten eta handik egun gutxitara auzitegi berezi batek hiltzera kondenatu zuen, bere emaztearekin batera.