Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kapet

Frantziako hirugarren errege dinastiaren sortzaile izan zen Hugo I.ari, abade titulua zuela eta, eman zioten izena. Gero hala deitu zieten dinastia honetako erregeei. Frantziako Iraultzaren garaian, honela deitu zieten Luis XVI.ari eta haren ahaide guztiei.  v  Kapetarrak (Fr. Capétiens). Frantziako hirugarren dinastiako erregeak. Karolingioen ondokoak ziren (Hugo Kapet, lehen kapetarra, 987), eta 1328ra arte egon ziren agintean (Karlos IV.a Ederra, azken kapetarra). 987an Paris inguruko lurralde txiki batean agintari zirelarik, arian-arian bereganatu zituzten eremu feudal nagusiak, ezkontzaz edo bestelako hitzarmenen bidez (Artois, Vermandois, Valois, Xanpaina, Lyon), herentziaz (Tolosako konderria), konkisten bidez (Normandia, Maine, Anjou, Touraine, Poitou, Auvernia eta Languedoc) edo erosita (Mâcongo konderria). 1328. urtean Flandes, Bretainia, Akitania eta Burgundia ez zeuden oraindik Frantziako koroaren mendean.