Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Burns, Robert

Eskoziar poeta (Alloway, 1759 - Dumfries Ellisland, 1796). Laborari etxe batean sortua eta bere kasa ikasia, Pope, Thompson, Gray eta Young idazleen lanak irakurri zituen estiloa lantzearren. Hamalau urterekin idatzi zuen Jolie Nell bere lehen poema. Eskoziako ingeles moldez idatzi zuen lan gehiena. 1786. urtean argitara eman zituen bere «Poemak», Poems chiefly in the scottish dialect (Eskoziako dialektoan batez ere idatzitako poemak). Liburu honek arrakasta handia izan zuen. Ironikoa eta zorrotza zen oso; ez zuen sekula satira erlijiozkoa nahiz politikoa bazter utzi eta beti jardun izan zuen Eskoziaren burujabetzaren alde. Egun bakar batean ondu zuen Tam O’Shanter poema komikoa, bere lanik luzeena (200 ahapaldi, 1790). 1791. urtean Dumfries-era jo eta administrazioan hasi zen lanean, aspaldidanik Jamaicara joateko zituen asmoak alde batera utziz. Oso langilea zen, baina edalea ere handia zenez gero, gehiegikeriek eraman zuten gazterik mundutik 1796. urtean. Burns-en poesia argi, zorrotz, ironiko, fresko eta herrikoiak leku berezia hartu du Eskoziako literaturan.