Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Buber-Neumann, Margarete

(Jaiotza izena, Margarete Gross). Alemaniar idazlea (Potsdam, 1901 - Frankfurt, 1989). Gazte zela Gazte Komunistekin bat egin zuen. Alemaniako Alderdi Komunistan (KPD) sartu zen, eta Heinz Neumann agintariaren neska laguna bihurtu zen. 1930eko hamarraldiaren hasieran, Stalinek KPD alderdia bultzatu zuen alderdi nazional-sozialistarekin harreman baketsuak izan zitzan; Neumann, ordea, joera horren kontrakoa zen, eta zituen karguetatik kendu eta Moskun gelditu behar izan zuen. Ondoren Espainiara bidali zuten. Naziak aginpidera iritsi zirenean, Neumann senar-emazteen bizimodua larria izan zen: Heinz Zurichen atxilotu zuten 1934. urtearen amaieran, eta ondoren, Sobiet Batasunera bidali zuten; emazteak Havren bat egin zuen senarrarekin eta 1935ean Leningradora joan ziren. Moskun bikotearen bizimodua arriskutsua zen oso. Senarra 1937an espetxeratu zuten eta Margaretek ez zuen berriro senarra ikusi. Zalantzarik gabe fusilatu egin zuten 1937an. Margarete 1938an espetxeratu zuten eta Karagandako esparrura bidali zuten. Ondoren, Ravensbrückeko esparru gogorrera (Alemania) bidali zuten; Milena Jesenska txekiar idazle eta Ftanz Kafkaren maitalearekin zuen adiskidetasunari esker, askatasuna lortu zuen esparrua sobietarrek askatu baino lau egun lehenago. 1948an kontzentrazio esparruetan izan zuen esperientzia argitaratu zuen Stalinen eta Hitlerren preso lanean. Lehenengo atala (Siberiara deportatua) Frantzian argitaratu zuen 1949an eta bigarrena (Ravensbrückera deportatua) 1988an. 1986an Milena argitaratu zuen eta arrakasta handia izan zuen Frantzian; hala ere, hainbat lan idatzi zituen argitaratu gabe gelditu zirenak.