Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Brontė

Idazle familia ingelesa.  v  Brontė, Anne. Poeta eta eleberrigilea (Thornton, 1820 - Scarborough, 1849). Urte bete zuela umezurtz gelditurik, ahizpen antzera heziketa latza jaso zuen aitaren ondoan. Familia inguru itxi hartan literatura izan zuten atsegin iturri bakarra eta Annek gazterik ekin zion idazteari. Ahizpekin batean sortua zuten ikastetxeko irakasle bizimodu hartan oinarriturik idatzi zuen bere lehen eleberria: Agnes Grey (1846). Bigarrena, The Tenant of Wildfeld Hall (Wildfeld Hall-eko tenientea), bi urte geroago azaldu zen.  v  Brontė, Charlotte. Poeta eta eleberrigilea (Thornton, Yorkshire, 1816 - Haworth, 1855). Patrick Brontė irlandar jatorriko artzain anglikanoaren alaba zaharrena. Bere ahizpek bezala haurtzaro eta gaztaro zaila igaro zutelarik, garai hura eleberri erdi autobiografikoen gaia egin zuen gero. 1846an hiru ahizpen artean eginiko poema liburu bat argitaratu zuten; inolako oihartzunik ez zuen izan, ordea. Lehen eleberria, The Professor (Irakaslea), argitaratzaileak atzera bota zuenez, egilea hil ondoren argitaratu zen (1857). Currer Bell izenordez sinaturiko Jane Eyre (1847) eleberriak, ordea, arrakasta nabarmena izan zuen. Geroztikakoak dira Shirley (1849) eta Villete (1853) eleberriak.  v  Brontė, Emily. Poeta eta eleberrigilea (Thornton, 1818 - Haworth, 1848). Brontė ahizpetarik ezagunena eta gutxien idatzi zuena. 1846an hiru ahizpen artean eginiko liburuko poema gehienak, eta onenak kritikaren arabera, Emilyrenak dira. Wuthering Heights (1847) eleberriak, ingelesezko kontakizunen maisu lantzat hartzen dena, bere familian bizi izandako dramak islatzen ditu.