Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Britainia Handia

(Ing. Great Britain) Britainiako Uhartedia osatzen duten uharteetatik handiena. Mugak: ipar eta ipar-mendebalean Ozeano Atlantikoa, ekialdean Ipar itsasoa, hegoaldean Mantxako itsasartea, eta mendebalean Irlandako itsasoa. Britainia Handiak hiru eskualde handi hartzen ditu bere baitan: hegoaldean eta erdialdean Ingalaterra (hiriburua: Londres), mendebalean Gales edo Cymru (hiriburua: Cardiff), eta iparraldean Eskozia (hiriburua: Edinburgo). 229.903 km2 eta 55.000.000 biztanle (1984).  v  Historia. Jakue IV.a Eskoziakoak, Elisabet erregina hil ondoren, Ingalaterrako erregetza hartu zuenean erresuma horri eman zitzaion izena. Gales, Eskozia eta Ingalaterra koroa bakar baten aginpean geratu zireneko izena. Britainia Handia esan ohi zaio ofizialki Britainia Handi eta Irlandako (1927 arte) eta Britainia Handi eta Ipar Irlandako Erresuma Batuari (United Kingdom of Great Britain and Northern Ireland). Koroa ingelesak mendean eduki ditu orain arte, Ingalaterraz gainera, Gales, Eskozia eta Irlandako herriak eta, honenbestean, Britainia Handia, Erresuma Batua eta Ingalaterra izenak nahasian erabili ohi dira. ik. Ingalaterra, Gales, Eskozia.