Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Brecht, Bertolt

Alemaniar idazle eta antzerkigilea (Augsburgo, 1898 - Berlin, 1956). Munichen medikuntza ikasten hasi zen, baina gerra zela eta utzi behar izan zuen (1918). Gerra amaiturik, talde ezkertiarretan sartu zen. Max Reinhardt antzerki zuzendariaren laguntzailea Berlinen (1923), gero Piscator-en lankide izan zen (1927). Garai hartan Brechtek antzerki anarkista eta espresionista plazaratu zuen: Baal (1922), Mann ist Mann (Gizona gizona da) (1926). Lau soseko opera (Die Dreigroschenoper, 1928), hots, John Gayren Beggar’s Opera-ren moldaerak, arrakasta handia izan zuen. Hitlerrek agintea eskuratu zuenean alde egin zuen Alemaniatik. Danimarka, Suedia eta Finlandia iragan eta gero, Ameriketara iritsi zen gerratik ihesi. Erbestean Brechtek obra garrantzitsuak idatzi zituen: Der gute Mensch von Sezuan (Sezuango gizon ona) (1939), Herr Puntila und sein Knecht Matti (Puntika jauna eta bere morroia Matti) (1940), Der aufhaltsame Aufstieg des Arturo Ui (Arturo Ui-ren igoera geraezina) (1941), Mutter Courage und ihre Kinder (1941), Leben des Galilei (Galileoren bizitza) (1947). 1948an itzuli zen Alemaniara, eta Ekialdeko Berlinen finkatu zen. Bertan, Berliner Ensemble antzerki-taldea sortu eta zuzendu zuen. Garai honi dagozkio Kaukasische Kreidekreis (Kaukasoko igeltxuzko biribila) lana (1948); zenbait moldaera (Sofokleren Antigona, Shakespeareren Coriolano); Der Dreigroschenroman (Hiru kontakizun luze) (1949), izen bereko operaren egokitzapen dena. Teoria lanetan (Kleines Organon für das Theater, Antzerkirako Organon txikia 1948), literaturaren ikuspegi dialektikoaren ildotik, garbi adierazten du bere antzerkiaren funtzio didaktikoa: errealismoa, parabola edo alegoria, musika eta kantaren bitartez antzertiak kontzientzia hartzera eraman behar du ikuslea eta, azken finean, politikan esku hartzera. «Urruntze efektua» (Verfremdunseffekt) erabiltzen du bere antzertia egunerokotasunetik aldendu nahiz, gogarte eta kritikarako bide bilaka dadin. Brechtek oso eragin handia izan du XX. mendeko antzerkian.