Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bramante, Donato di Angelo

Italiar arkitekto eta margolaria (Monte Asdruvaldo, Urbino ondoan, 1444 - Erroma, 1514). Urbinoko giro humanistan hezia, Bergamora aldatu zen 1477an eta gero, Ludovico Sforzak deiturik, Milanen finkatu zen (1475-1499). Lombardiako hiriburuan Casa Panigarolako Arma gizonak (1480-1485) horma irudi handiak margotu zituen. Bertan Leonardo da Vinci ezagutu zuen; beronen arkitekturari buruzko ideiek eragin handia izan zuten Bramanterengan. Santa Maria presso San Satiro, Santa Maria della Grazie eta Milanen egindako beste zenbait arkitekura lanetan lerro geometriko hutsak eta bertako tradizioko elementuak elkarrekin batu zituen. Erromara joanda (1499), Santa Maria della Pace eliza eta San Pietro in Montorio-ko tempietto-a (1502), zutabe dorikoz inguraturiko eta kupulaz hornituriko errotonda txikia, izan ziren han egin zituen aurrenetako eraikuntzak. Julio II.a Aita Santu izan zen garaian (1503-1513) hainbat lan egin zuen Vaticanon; Bramanteren proiekturik handiena, ordea, San Pedro basilika berritzea izan zen. Gurutze grekoaren gaineko eraikuntza bat egiteko asmoa zuen, Panteoia eredu zuen kupula handi batez hornitua, eta kanpoaldera lau aurrealde berdin agertu behar zituena. Proiektu hau Bramanteren ondokoek (Michelangelok eta Madernak batez ere) aldatuko zuten.  v  Bramantek eragin sakona izan zuen bere garaiko arkitekturan, eredu klasikoa aitasantutzaren premia erraldoi eta sinbolikoetara egokituz.