Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Brahms, Johannes

Alemaniar musikagilea (Hanburgo, 1833 - Viena, 1897). Maila apaleko familian sortua, musikari goiztarra izan zen, hamahiru urte zituela hasi baitzen tabernaz taberna pianoa jotzen. 1853an Liszt eta Schumann ezagutu zituen. Hanburgon, Lippe-Detmond printzearen gorteko koru eta kontzertu zuzendaria izan ondoren, 1862an Vienan jarri zen bizitzen, bertako Kontserbatorioko zuzendari kargua hartuta. Vienan konposizioari lotu zitzaion, eta zenbait bidaia egin zituen: Suitzara, Italiara, Oihan Beltzera, etab. Idatzi zituen obren artean pianorakoak dira nabarmenenak, berrogeita hamarren bat: hiru sonata, bariazioak, baladak, baltsak, hungariar dantzak… Oso musika aberatsa da, jotzeko zaila; sinfonikoa dirudi maiz; melodiak eta erritmoak elkarrekin nahasten dira, sinkopak erabiliz. Ganbera musikaren alorrean sonata formaz baliatzen da, bariazioak sartuz: tresna desberdinetarako sonatak, trioak, quartetoak, etab. Ganbera zein orkestrarako musikan Beethovenen jarraitzaile da, baina aldi berean haren tradizioa berritzen du. Orkestrarako obrak: Haydnen gai baten gaineko bariazioak (1873), bi serenata, lau sinfonia (1876-1885), bi obertura eta hainbat tresnatarako kontzertuak. Musika kantatuari dagokionez, hirurehundik gora lieder egin zituelarik, arte horren maisu gailenetarikoa da.  v  Klasikoa eta erromantikoa batera, Brahmsek molde klasikoak erabili zituen, baina mugak zabalduz. Ez du berritasuna kosta ahala kosta bilatzen, aldiz, bere sentikortasunari dagokion askatasun formala erabiltzen du: erritmo berriak asmatzen ditu, akorde ausartak eta melodia aberatsak. Gaietan jori, sonaten allegroetan, esaterako, sei edo zazpi gai aurki daitezke Brahms-en lan batzuetan.