Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Botticelli, Alessandro de Mariano Filipepi (Sandro

deitua). Italiar pintorea (Florentzia, 1445 - Florentzia, 1510). Zilargintzan trebatu zen, Filippo Lippi eta Verrocchiorekin pinturari lotu aurretik. Bi maisuok, Pollauiolorekin batean, eragin handia izan zuten Botticelliren estiloa moldatzeko: La fortezza, Judith. Lan gehienak Medicitarren Florentzian egin zituen; familia horren babespean koadro mitologikoak egin zituen batez ere: Marte eta Venus, Minerva eta zentauroa, Udaberria (1478), Venusen jaiotza (1485). Koadro horietan Lorentzo Handiaren gorteko poeten interpretazio plastikoa eman zuen Botticellik, mitoa eta errealitatea, izadia eta gizona bateratu nahiz. 1481ean Sixto IV.ak Kapera Sixtinako apainketan esku hartzeko deitu zion —Ghirlandaiao, Rosselli eta Peruginorekin batera—, eta hiru fresko egin zituen: Moisesen bizitzaren eszenak, Jesusen tentazioa eta Leviten zigorra. Florentzian erlijiozko gaiak ere landu zituen (Ama Birjinaren koroatzea, Madonna ugari). Savonarolaren predikuek ekarritako giro izpirituala islatzen da Botticelliren azken obretan: Amabirjina Jesus hilarekin, Gurutziltzatua (1500ez gero), Jaiotza (1500ez gero), Santa Zenobiaren bizitzaren pasarteak (1500ez gero). Halaber, La Divina Commedia-rako marrazki bikainak egin zituen.  v  Botticelli Errenazimentuko pintore handienatarikoa da, bere marrazki fina eta koloreen harmoniagatik. Boticelliren berritasuna zela eta, bere garaikideek ez zioten obra hari erreparatu eta laster ahazturik geratu zen, harik eta prerrafaelistek berriz aurkitu zuten arte.