Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Borromini (Francesco

Castelli edo Castello, benetako deituraz). Italiako arkitektoa (Bissone, Lombardia, 1599 - Erroma, 1667). Bederatzi urte zituela hasi zen eskultura lantzen Milanen. Laster joan zen Erromara eta han ikasi zituen arkitekturaren hastapenak Madernarekin. San Pedro basilikaren eraikuntzan hargina izan zen. Gero Berninirekin egin zuen lan Barberini jauregia eta San Pedroko baldakinoa eraikitzen (1631-1633). Berak bakarrik egindako lehen eraikuntza San Carlo alle quattro fontane izan zen (1634-1639). Aldi hartakoak dira Spada jauregia (1634-1636) eta San Filipe Neri (1637-1642). San Yvo alla Sapienza (1642-1650), Borrominiren obra ausartenetakoa da. Inozentzio X.ak babesa eman zion; hala, Aita Santu haren aldian goreneko tokia hartu zuen arkitektoen artean, ordura arte Berninirena izandako lekua alegia. Hala Letrango San Joanen berriztapena Borrominik egin zuen, baita Santa Ines eliza ere Navona plazan. Bere babeslea hil ondoren (1655), beste zenbait lan garrantzitsu egin zituen: Sant’Andrea delle Fratte (1653-1657), San Carlo alle quatte fontane-ko aurrealdea (1662-1667), De propaganda Fide-ko kolegioa (1662-1666).  v  Borromini Italiako barrokoaren irudi gailenetakoa da. Erromako barroko handi, simetriko eta egonkorrari mugimendua eta ustekabeko efektuak ekarri zizkion, indarra baino graziaren bilaketa hobetsiz. Borrominik arkitekturan ezarritako adierazpen berrikuntzak rococoaren ezaugarriak iragartzen ditu. Haren eragina Europara hedatu zen, Austrian eta Alemanian bereziki.