Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Borboiko etxea

Aristokraziako familia, jatorria Bourbon-l’Archambault-en eta Bourbonnais antzinako lurraldeko jaurerrian duena. Nafarroako, Frantziako, Espainiako, Napoliko eta Parmako hainbat errege eta duke Borboiko etxeko familiakoak izan dira. Borboiko etxea XI. mendekoa da; XII. mendean Dampierre etxeari lotu zitzaion eta XIII. mendean Burgundiako lehen Capet etxearekin bat egin zuen. Robert Clermontekoa, San Luis Frantziako erregearen semea, Beatrice Bourgogne-Borboikoarekin ezkondu (1272) eta Luis I.a Handia haien ondorengoa Borboiko etxeko lehen duke bihurtu zen, Borbonnais dukerri egin ondoren (1327). Bi seme izan zituen honek: Petri I.a anaia zaharrena adar bateko buruzagi bihurtu zen eta Jacques anaia gazteena, Marcheko kondea, bestekoa.  v  Anaia zaharrenaren adarra Petri II.a Beaujeukoa (1503) eta bere suhia, Borboiko kondestablea (1527), hil ondoren desagertu zen.  v  Nafarroa. Anaia gazteenaren adarra, Marche-Vendômeko tituluak eskuratu eta gero (1527), Bourbon duke tituluaz jabetu zen anaia zaharrenaren adarra desagertu ondoren eta Nafarroako erregetza erdietsi zuen Antoine Bourbonnekoa (1548) Joana Albretekoa Nafarroako erreginarekin ezkonduta. Henrike IV.a semea Frantziako errege izendatu zuten 1589an, azken Valois hil ondoren. Henrike IV.a Nafarroako bigarren errege borboitarrak koroa baten mendera bildu zituen Nafarroa eta Frantzia. Antoineren anaia Luis I.a Bourbongoak Condé etxea sortu zuen.  v  Frantzia. Luis XIII.ak, Henrike IV.aren semeak, bi seme izan zituen: Luis XIV.a, seme zaharrena, Frantzia 1792ra arte eta 1814-1830 urte bitartean gobernatu zuen adarreko lehen erregea izan zen (Luis XV.a, Luis XVI.a, Luis XVIII.a eta Karlos X.a). Adar hau 1883. urtean desagertu zen, Chambordeko kondea, Karlos X.aren biloba eta Berryko dukearen semearekin batera.  v  Philippe I.a, Luis XIII.aren bigarren semea eta Orleansko dukeak eman zion hasiera anaia gaztearen adarrari. Louis XIV.aren anaia honek Bourbon-Orléans adarra sortu zuen eta errege bat eman zion Frantziari: Louis-Philippe I.a, Frantziako errege 1830 eta 1848 urteen bitartean. Egungo ordezkaria, Henrike, Parisko kondea da.  v  Hiru sasi adar nagusi sortu ziren hauez gainera: Vendômeko adarra, César Henrike IV.a eta Gabrielle d’Estrées-en seme zaharrenak abiarazia; Maine adarra, Luis-Augusto Borboiko dukeak eta Luis XV.a eta Montespango andrearen semeak sortua, eta Penthièvreko adarra, Tolosako kondea zen aurrekoen seme gazteenaren ondorengoek osatua.  v  Espainia. (Borboi-Anjou Etxea). Filipe, Anjouko dukea, eta Luis XIV.aren biloba, Espainiako errege bihurtu zen, Filipe V.a izena hartuz eta Espainiako borboitarren erregealdiei hasiera emanez. Adar honen esku egon zen Espainiako erreinua 1931ko II. Errepublikara arte, I. Errepublika eta Savoia etxeko erregeen garaian izan ezik (1868-1875). Fernando VI.a, Karlos III.a, Karlos IV.a, Fernando VII.a, Elisabet II.a, Alfontso XII.a eta Alfontso XIII.a izan ziren urte haietako erregeak. 1833. urtean Elisabet II.a erregina hautatu zutelarik, Espainiako Estatuko herria gerra zibilera eraman zuen erregetzarako gerra sortu zen Elisabet II.aren aldekoen eta Karlos Borboikoa, Fernando VII.aren anaiaren aldekoen artean. Koroaren legezkotasunaz gainera beste arazo batzuk nagusitu ziren gerran (Espainiako koroaren mendeko nazioen eskubide historikoak, eta batez ere Erregimen Zaharraren eta burgesiaren arteko gatazka). II. Errepublikaren etorreraren ondorioz (1931ko apirila), monarkia ezabatu zen Espainian eta Alfontso XIII.a erregeak erbestera jo zuen. 1975. urtean, Franco diktadorea hil eta Joan Karlos I.a Alfontso XIII.aren biloba izendatu zuten Espainiako errege (1975eko azaroak 22), militarrek 1969. urtean erabakitako erregetzarako lege bati jarraituz.  v  Napoli edo Bi Siziliak. Fernando I.a Borboikoak, Karlos III.a Espainiako erregearen seme, eta Karlos IV.a Espainiako erregearen anaia gazteenak, eman zion Napoliko erregetza 1860ra arte mantendu zuen adarrari (Fernando I.a Frantzisko I.a, Fernando II.a eta Frantzisko II.a).  v  Parma. Espainiako borboitarrek 1748an sorturiko dukerri hau Filipe V.a eta Elisabet Farnesekoaren seme batek abiarazi zuen. Adar hau 1859ra arte izan zen Parmako jaun. Azken dukearen alaba bat, Zita Borboi-Parmakoa, Austriako enperadore izan zen 1916-1918 bitartean.  v  Bourbon-Busset. Borboitarren adar hau Frantziako koroaren jabea izango zen Luis XI.ak Louis Liejako apezpiku eta Petri II.aren anaia zenaren ezkontza onartu izan balu. Apezpikuaren semea Busseteko andre batekin ezkondu zen eta egun Bourbon-Busset da adar nagusiaren jarraitzaile bakarra.  v  Bourbon-Condé. Adar borboitarra. ik. Condé.  v  Bourbon-Conti. Condétarren adarra. ik. Conti.  v  Bourbon-Montpensier. Petri I.a Borboikoaren biloba Montpensiereko kondesarekin ezkondu zenean sortu zen borboitarren adarra. Karlos III.a Borboiko Kondestablea izan zen azkeneko dukea (1527). Orléans etxearekin batu zen 1626. urtean.  v  Bourbon-Orléans. ik. Orléans.  v  Bourbon-Vendôme. Marche-Vendôme ahaide-lerro txikitik sorturiko borboitarren adarra. Karlos III.a Borboiko Kondestablea hil ondoren (1527), Karlos Vendômeko dukea eta geroago Henrike IV.a erregea izango zenaren aitona Borboi etxeko nagusi bihurtu zen.