Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bolívar Palacios, Simón José Antonio

Hego Ameriketako jenerala eta politikoa (Caracas, 1783 - Santa Maria, Kolonbia, 1851). Jatorria bizkaitarra zuen Venezuelako etxe on batean jaio zen. 1810. urtean bertako higikunde abertzalean sartu zen, Francisco Mirandaren agintepean. Iraultza Batzordeak Londresa bidali zuen. Han Caracasa itzuli behar zuela adierazi zion Miranda buruzagiari, baina espainiarrek atxilotu egin zuten Miranda (1812) eta Cadizko presondegian sartu zuten hil zen arte (1814). Bolívarren eta Mirandaren arteko harremanak ez ziren onak izan azken uneetan. Miranda atxilotu ondoren, Bolívarrek Nueva Granadara (Hego Ameriketako iparraldeko espainiar kolonia) itzuli eta Venezuelako burujabetasuna iritsiko zuen armada antolatu zuen. 1813an Caracasen sartu eta «Libertador» (askatzaile) titulua eman zioten, baina hurrengo urtean espainiarrek garaitu eta erbestera jo behar izan zuen. Berriro ere Venezuelara itzulirik (1817), armada osatu eta espainiarrei nagusitu zitzaien Boyaca Kolonbiako herrian (1819) eta Bogota hiri nagusian sartu zen. Kolonbia Handiko errepublika sortu zuen gero (República de la Gran Colombia). Caraboboko guduak (1821) zabaldu zion Caracaserako bidea. Ekuador aldera jo zuen eta Quito konkistatu ondoren (1822), San Martín Peruko gobernari nagusiarekin hitz egin (Guayaquil, 1822) eta honek bidea zabal-zabal utzi zion aurrera jo zezan. Junin eta Ayacuchoko guduak galdu ondoren, Behe Peruko espainiar osteak errenditu ziren (1824) eta Sucreko garaipenek Bolivia (Bolívar «Libertador»-aren deituratik) estatuaren sorrera ekarri zuten ondoren (1825). Hego Ameriketako alderdi handi bateko buru zela, Amerika osoko lehen batzarra bildu zuen Bolívarrek (Panama, 1826), baina ezin saihestu izan zuen Kolonbia eta Peruren arteko gerra, eta Kolonbia Handia bitan banatu zen; banaketa hartatik sortu zen Venezuelako Errepublika (1829). Bolívarrek agintea utzi zuen 1830eko maiatzean eta erabat etsita hil zen handik hilabete batzuetara.