Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bizkarrondo Ureña, Indalezio

(«Bilintx» deitua). Gipuzkoar bertsolari eta idazlea (Donostia, 1831 - Donostia, 1876). Zorigaitzeko bizitza izan zuen. Haurra zelarik lurrera erori eta aurpegia desitxuratuta geratu zitzaion (horretatik zetorkion Donostian ezarri zioten Moko edo Indalezio moko ezizena). Beranduago zezen batek adarka eraso eta zangoak zulatu zizkion; ondoren aurreztuta zituen 8.000 erreal lapurtu zizkioten. Liberala zen eta Bigarren Karlistadan Donostiako liberalen batailoian sartu zen Bilintx. 1876. urtean karlistek jaurtikitako granada bat bere gelan sartu eta hankak xehakatu zizkion. Sei hilabete oinaze ikaragarriz eman ondoren hil zen, 45 urte zituela. XIX. mende erdialdetik aurrera Donostian sortu zen euskal literatura higikundeko poeta gorena izan zen. Hego Euskal Herriko ordura arteko beste poetek ez bezala jakin zuen Bilintxek barne sentimenduei idatzizko egitura ematen. Maitasun iritsi ezinak bideratu zuen Bizkarrondoren amodiozko poesia (1858koak dira lehen poemak) eta beregandik itzuri zebilen edertasunari kantatu zion behin eta berriro. Herri poesiako eta bertsogintzako oinarri sendoak zituen. Ongi baino hobeto jakin zuen Bilintxek umorea eta ironia bizitzaren gazi-gozoekin uztartzen eta bizitzak hain ongi tratatu ez zuen gizonaren atsekabeen ondoan, giza bizitzaren garratza zehatz eta leunkiro deskribatu zuen. Bilintxen olerkirik ezagunenak Kontzezirentzat, Zaldi zuriyarena, Pozez ta bildurrak, Juramentuba, Loriak, Potajiarena, Maita nazazu arren, Beti zutzaz pentsatzen, Ja-Jai, Zenbait damaren esker txarra, Izazu nitzaz kupira, Gaztetan jarriyak dama bati, Biyotz erituba, Kanpuan da, Neskatxa bati mutil batek jarriak, Dama ta galaia eta Juana Bixenta Olabe dira.