Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

 bisonte

iz. Zool. Zezenaren antzeko ugaztun hausnarkari basatia, bizkarrean konkor modukoa duena.  v  Ameriketako bisontea (Bison bison). Animaliatzar handia da, mila kilotik gora pisa lezakete batzuek eta, 1,80ko altuera izan konkorraren parean. Ile nabarrekoa da eta adarrak motzagoak ditu Europako bisonteak baino. 60ren bat miloi uste da bizi zirela joan zen mende hasieran, Kanada eta Estatu Batuetako zabaldietan. Negu aldera, talde handietan bildu, 100.000-animaliekotan inoiz, eta lurralde epelagoetara jotzen zuten. Balio handia zuen bertako indiarrentzat, bisontetik hartzen baitzuten jateko haragia, jazteko larrua eta erregaia. 1885erako desagertuak zeuden gehienak, haren haragiari eta larruari etekina ateratzeaz gainera punteria trebatzeko erabiltzen baitzuten kolonizatzaileek. Gaur egunean erreserbetan dauzkate. v Europako bisontea (Bison bonasus). Ameriketakoa baino handiagoa da. Motzagoa du ilea, baina luzeagoak adarrak. Kristau aroaren hasieran Europako erdialde eta hegoalde guztian bizi ziren; XVIII. mendean, ordea, Poloniako eta Kaukasoko zenbait basotan bakarrik. I. Mundu Gerraren bukaera aldera ez ziren gutxi batzuek besterik geratzen eta haiek zoologikoetan sartu zituzten. Gero bisontearentzako erreserba naturalak jarri ziren Polonian.