Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

birus

iz Biol. Ezagutzen den izaki bizi txikien eta bakunena, hainbat eritasunen eragilea.  v  Birusak mikroorganismo ultramikroskopikoak dira, mikroskopio elektronikoaz ez bada ikusi ezin direnak. 400 milimikra baino txikiago dira; eta formaz, biribilak, poliedro itxurakoak edo hari itxurakoak. Konplexuagoak ere badira, bakteriofago deritzaienak esate baterako; horiek poliedro formakoa dute burua, eta isats tankerako gorputz luzexka; gorputz horri loturik armiarma hanken antzeko zuntz itxurako batzuk edukitzen dituzte inoiz. Birusen egitura ez da erabat ezaguna, baina jakina da funtsean bi zati nagusi dituztela: proteina bildukina, kapside deitua, eta azido nukleiko nagusi bat, nukleosido deitua, azido erribonukleikoz edo azido desoxirribonukleikoz, edota biez osatua dagoena. Batzuk kapsidearen gainetik beste bildukin bat dute lipido eta karbono hidratoez osatua; gai horiek zeluletatik hartzen dituzte eta beren barruan garatzen dira. Birusak ez dira zelulak; partikula arrunt biziak dira, digestio organorik ez dutenak. Ez dute entzimarik, eta horregatik zelula bizien barruan bakarrik gara daitezke. Interferon deitu den gai berezi bat eratuz egin diezaioke aurre zelulak birusaren erasoari, gai horrek zelula immunizatu egiten baitu, hau da, mota bereko birusek ezin eraso dutela uzten du, ezin baitu haren barruan ugaldu. Alderdi hauek azpimarra daitezke, laburtuz: 1. Birusak beti dira gai kutsakorrak, hau da, organismo bizien zelulak kutsatzen dituzte ugaltzeko; horrek, ordea, ez du esan nahi derrigorrez gaixotasun bat sorrarazten dutenik. 2. Hauek dira beste mikroorganismo batzuetatik bereizten dituzten ezaugarriak: oso txikiak dira, mikroskopio optikoarekin ikusi ezinak; oso egitura bakuna dute, eta ezin dute biologia funtziorik gauzatu beste organismo batzuez baliatuta ez bada. 3. Organismo biziak dira. Ezaugarri hauek beren azido nukleikoen kateetan daude, goi mailako organismoetako geneetan gertatzen den bezalatsu. Gizonarentzat patogenoak diren birus talderik garrantzitsuenak hauek dira: a) Antropodoak edo «virus arbor» delakoaren bidez sortuak, dengea, entzefalitisa, gripea, hepatitisa ematen dutenak. b) Adenobirusa, pneumonia atipikoa ematen duena. c) Enterobirusa, herpangina, meningitisa, pleurodinia epidemikoa, poliomilitisa ematen dituena. d) Herpesa, herpes arrunta, herpes zosterra, barizela ematen dituena. e) Mixovirusa, parotiditisa, gripea, pneumonia atipikoa ematen dituena. Horiez gainera, amorrua, sukar horia eta beste eritasun batzuk sorrarazten dituzten birusak ere badira. Antibiotiko gehienek ez dute balio birusen kutsadurari kontra egiteko. Antibiotikoek zelula organismoen, hau da, bakterioen osaera eragozten baitute, eta birusak zelula egiturarik gabeko partikulak direnez gero, antibiotikoek ezin dituzte eraso. ■ Inf. Informatikan, ordenagailu programa, hardwarean edo sistema eragilean (konputagailua kontrolatzen duen softwarean) eragiten duena. Datu fitxategiak alda ditzake edo sistema eragilean hutsegiteak eragin. Birusak beren kopiak sortzeko eta antzemanak ez izateko daude diseinatuak. Badira birusen antzeko beste informatika programa kaltegarri batzuk, baina birsortzearen eta antzemanezinak izatearen baldintzak betetzen ez dituztenak. Hauek hiru multzotan bereizten dira: Troiako zaldiak, lehergailu logikoak eta har edo zizareak. Lehenek joko edo antzeko gai interesgarrien itxura izaten dute, baina abian jartzean kalteak eragin ditzakete. Lehergailuek egoera jakin bat betetzen denean erasotzen dute: data bat iristean, letra konbinazio bat idaztean… Harrak ugaritu bakarrik egiten dira, baina memoria handia hartzen dutenez, ordenagailua motelago joatea eragiten dute. ■ Kutsatzeko moduak. Programak ibil daitezen behar diren aginduak (abian jartzeko kodea) ordenagailu batetik bestera pasatzean hedatzen dira birusak. Baina informatika programa guztiak bezala, birusak ere, kaltea eragiteko lanean jarri behar dira. Beraz, kutsatutako sare bati lotuta egotearekin edo kutsatutako programa bat kargatze hutsarekin ez da kutsadurarik sortzen. Birusek, ordea, erabiltzailea edo sistema eragilea engainatu egiten dute, birusaren programa abian jar dadin. Zenbait birus programetan itsasten dira, eta programa horiek abian jartzearekin batera jartzen da abian birusa ere. Ordenagailua abiatzean sistema eragilea kargatu eta abian jartzen duten disko gogor edo malguko zatietan itsasten badira, ordenagailua abiatzearekin batera automatikoki abian jartzen dira birusak. Informatika sareetan, berriz, sistemari lotzeko sofwarearen atzean ezkutatzen dira birus batzuk. ■ Birus motak. Sei kategoriatan banatzen dira. Bizkarroi deritzenek fitxategi erabilgarriak edo ordenagailuaren programak kutsatzen dituzte. Ez dute programa ostalariaren edukia aldatzen, baina birusaren kodea bera baino lehenago jartzen dira abian. Eragin zuzenekoak baldin badira, abian jartzen diren bakoitzean programa bat baino gehiago kutsatzen dute. Egoiliarrak badira, ordenagailuaren memorian ezkutatzen dira, eta programa jakin bat abian jartzen denean kutsatu egiten du. Hasierarekin batera hastekoak disko gogorraren edo malguaren abiadako sektorean gordetzen dira, eta diskoaren edukia gordetzen duten programak ordezkatzen dituzte, edo diskoa abian jartzen dituzten programak. Disko malguen trukearen bidez hedatzen dira. Anitzek aurreko bien gaitasunak dituzte; fitxategiez gainera, abiadako sektorearen alderdiak kutsa ditzake. Laguntzaileek ez dituzte fitxategiak aldatzen; benetako programa baten izen bera duen programa berri bat sortzen dute, eta horrela sistema eragilea engainatzen dute, hark abian jar ditzan. Loturazkoek sistema eragileak programak aurkitzeko duen modua aldatzen dute, programa baino lehen birusa jar dadin martxan. Direktorio osoa kutsa dezakete, eta bertatik har daitekeen edozein programak jar dezake abian birusa. Datu fitxategietakoak makro hizkuntzak dituzten programak kutsatzen dituztenak dira, datu fitxategiak ireki, aldatu eta itxi ditzaketenak. Birusok makro hizkuntzetan daude idatziak, eta benetako programa irekitzean automatikoki jartzen dira abian. ■ Birusen kontrakoak. Birusei aurrea hartzeko, software originalaren eta datu fitxategien kopiak maiz egin behar dira. Sistema eragilearen softwarea disko malgu batean kopiatu, eta idazketaren aurka babes daiteke, birusek ez dezaten gainean idatzi. Birusak antzemateko, birusen kontrako programa bereziak daude. Miaketa programek birusaren ezaugarriak fitxategietan bila ditzakete, baina birus berriak agertu ahala eguneratu egin behar dira. Birus guztiak antzematen dituzten programa bakarrak batuketa egiaztapenekoak dira, baina infekzioa gertatu ondoren bakarrik dira erabilgarriak. Zaintza programek kaltegarriak izan daitezkeen ekintzak antzematen dituzte, fitxategien gainean berridaztea, edo disko gogorrean formateatzea adibidez. Babes osoko programek irazki askotatik igaroarazten dituzte aginduak, eta kutsaduraren bat sumatuz gero, ez dute programa abian jartzen. ■ Galdutako informazioa berreskuratzeko moduak. Programa batzuek birusa suntsitzen dute, baina seguruagoa da ordenagailua deskonektatzea, babestutako disko malgu batetik berriro abiatzea, fitxategi kutsatuak ezabatzea eta segurtasun kopietako fitxategiez ordezkatzea, eta abiadako sektorean egon daitezkeenak ezabatzea. ■ Birusen estrategiak. Birusen kontrako programei ihes egiteko estrategia ugari asmatu dira: birus polimorfikoek, esaterako, birsortzen diren kopietan aldaketak eragiten dituzte; birus isil direlakoak sistema eragiletik kanpo ezkutatzen dira, eta kutsatu gabe balego bezala uzten dute; kutsatzaile lasterrek, abian jartzen diren programak ez ezik, irekitzen direnak ere kutsatzen dituzte, eta, ondorioz, birusen kontrako programa bat abian jartzean, horrek berak kutsa ditzake beste guztiak; kutsatzaile motelak ezin antzeman dituzte batuketa egiaztapeneko programek, fitxategiak aldatzen direnean bakarrik kutsatzen dituztelako; eta kutsatzaile urriak, azkenik, hamar programatik bat kutsatzen dutenez, oso zailak dira aurkitzen. ■ Historia. 1949an John von Neumann matematikari estatubatuarrak informatika programa bat ugaltzearen aukera teotikoa agertu zuen. 1950eko hamarraldian egiaztatu zen teoria hura, Core Wars jokoarekin. Birus hitza 1983an Fred Cohen estatubatuar ingeniari elektrikoak sortu zuen, birsortu eta bere kopiak egiten zituen programa bat izendatzeko. 1985ean agertu ziren lehen Troiako zaldiak, joko batean eta grafikoen programa batean ezkutaturik. Brain birusa 1986an azaldu zen, eta handik urtebetera mundu osoan hedaturik zegoen. 1988an bi mota berri atera zituzten: Stone, abiadako sektoreko lehena, eta Interneteko harra, sare batean zehar Estatu Batuak egun bakarrean zeharkatu zituena. Lehen kutsatzaile lasterra, Dark Avenger, 1989an aurkitu zuten, eta lehen birus polimorfikoa hurrengo urtean. 1995ean, berriz, sortu zen makroen hizkuntzari eragiten dion aurrenekoa: WinWord Concept.