Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Birkhoff, Garrett

Estatubatuar matematikaria (Princeton, New Jersey, 1911 - Water Mill, New York, 1996). Lehenengo ikasketak etxean egin zituen. Eskolan ibili ondoren fisika matematikoa ikasten hasi zen. Kelloggen, Kembleren, Morse eta Whitneyren hainbat ikastarotara joan zen, eta ekuazio diferentzialak, mekanika analitikoa, Lebesgueren integrazioa eta topologia ikasi zituen, besteak beste. Harvarden graduatu zen 1932an eta beka baten laguntzaz Cambridgeko Unibertsitatera joan zen. Han Philip Hall irakaslearekin lan egin zuen, eta bien artean On the order of groups of automorphisms (1936, Automorfismoen taldeen ordenari buruz) artikulua argitaratu zuten. 1933an Munichera joan zen talde teorian ikerketa egitera. 1933-36 bitartean Harvarden egon zen irakasle. Urte horietan bi testu garrantzitsu landu zituen: lehenengoa, Lattice Theory, 1940ean argitaratu zen eta bigarrena, Survey of Modern Algebra (1941, Aljebra modernoaren ikerketa bat), MacLanerekin batera idatzi zuen. Bigarren Mundu Gerran, Morse eta von Neumannekin batera, matematika aplikatuari ekin zion berriz ere. Gero, gerra zela-eta, balistika eta jaurtigai lehergarriak ikertu zituen. Lan hauek guztiak Hydrodynamics (1950) eta Jets, Wakes and Cavities (1957) liburuetan argitaratu zituen. Von Neumannen eraginez konputagailuak ere aztertu zituen, eta 1969an Matematika Huts eta Aplikatuetako George Putnam Irakasle hautatu zuten Harvarden. Postu horretan egon zen 1981ean erretiratu zen arte. Thomas Barteerekin batera beste liburu bat ere argitaratu zuen, eragin handia izan zuena: Modern Applied Algebra (1970, Aljebra aplikatu modernoa). Kodeen teoria aztertzen da bertan. Bere lanari esker, Birkhoffek ohore ugari jaso zuen: Zientzietako Akademia Nazionaleko eta Ameriketako Arte eta Zientzietako Akademiako kide hautatu zuten, besteak beste.