Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Beterri

Gipuzkoako ekialdeko lurraldea, Tolosa eta Irun artean zabaltzen dena. Beterriko eremuak ibar eta erribera lurrak dira gehienbat, Oria (Behe Oria), Urumea, Oiartzun eta Bidasoa (Behe Bidasoa) ibaiek ureztatuak. Mugak: Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mendiak, ekialde eta hegoaldean; Kantauri Itsasoa, iparraldean eta Urolaldea, mendebalean.  v  Biztanleria. Beterrira bildu da Gipuzkoako biztanleria gehiena eta bertan daude jende gehien bizi diren hiriguneak (Donostia, Irun, Errenteria). Nekazaritzak halako garrantzirik ez du, baina garrantzi handiko arrantzaguneak daude bertan (Pasaia, Hondarribia). Industria, zerbitzu eta komunikabide anitzak.  v  Hizkuntza. Beterriko euskara ekialdeko gipuzkera da, nafarrera eta lapurteratik hurbilen dagoen gipuzkera mota, eta gipuzkerazko literaturaren oinarria dena. Oiartzun ibai haranetik ekialderako eskualdeetako euskara goi-nafarrera da (Oiartzualdea eta Bidasoaldea).  v  Historia. Beterrik ez du inoiz politika edo administrazio batasun finkorik izan. Izenaren jatorria ez da historikoa, geografikoa baizik; duen batasuna geografikoa da, beraz. Historiaren hasi garaietan bi leinu euskaldun nagusi zeuden Gipuzkoako Beterrin: barduliarrak, erdi aldean eta mendebalean, eta baskoiak, ekialdeko muturrean (Oiartzualdea eta Bidasoaldea). Banaketa honek zerikusi zuzena bide du euskalkien banaketarekin. XII. mendetik aurrera, Gipuzkoako hiriak eta herrialdea berregituratzen hasi zirenetik, eskualde baskoietako herriak Gipuzkoako historiari lotuak ageri dira.