Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Betancur, Belisario

Politikari, abokatu eta kazetari kolonbiarra (Amaga, 1923). Zuzenbidea, Ekonomia eta Soziologia ikasi zituen. Kolonbiako Errepublikako lehendakari izan zen 1982tik 1986 arte. Alderdi Kontserbadoreko kidea izan da gaztetatik. 1963an Lan ministroa izan zen, eta 1974an, berriz, Kolonbiako enbaxadorea Espainian. 1982ko hauteskundeak irabazi zituen eta, kolonbiarrak adiskidetzeko eta bakea lortzeko, liberalak eta populistak sartu zituen gobernuan. 1982an amnistia eman zion gerrillari eta 1984an su-etena sinatu zuen. Hala ere, gerrillarekiko negoziazioek porrot egin zuten eta, 1984an bertan, setio egoera ezarri zuen. Erdialdeko Amerika baketzeko sortu zen Contadorako Taldearen bultzatzaileetako bat izan zen. La Defensa eta El Siglo egunkariak eta Semana aldizkariak zuzendu ditu. Horrez gainera, hainbat liburu idatzi du, hala nola Colombia cara a cara (Kolonbia aurrez aurre) eta En el cruce de todos los caminos (Bide guztien gurutzegunean).